Pfizer eta BioNTech konpainiek adierazi dute umeentzat garatu duten txertoaren gaineko lehen datuak aurkeztu dituztela oraingoz, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien eta Botiken Administrazioak azter ditzan. Argudiatu dute datu horietan ikus daitekeela txerto horrek haurrei COVID-19aren aurkako erantzun immunitario «mardula» eragiten diela, eta txertoaren erabilera baimentzeko eskearen aurreko urratsa dela. 5-12 urte arteko umeentzako txerto bat da; oraindik ez dago merkatuan adin tarte horretarako COVID-19aren aurkako txertorik.
Helduentzat ondu duten txertoa du oinarri umeentzako ekoizpenak, baina dosi txikiagoetan. 2.300 umerekin probatu dutela esan dute botika etxeetako arduradunek, eta helduengan txertoak duen eraginaren «parekoa» duela umeengan.
Esan dute, halaber, txertoa erabiltzen hasteko baimena AEB Ameriketako Estatu Batuetan ez ezik Europako Batasunean ere eskatzeko asmoa dutela. «Datozen asteetan» egingo diren urratsak izan dira horiek. Ez dute, oraingoz, gehiagorik zehaztu.
Oroitarazi dute ikertzen ari direla txertoa nola egokitu daitekeen 5 urtetik beherako haurrei emateko ere, eta datozen hilabeteetan ere zenbait emaitza espero dituztela ikerketa horietan.