Pfizerrek txertoaren hirugarren dosi bat baimentzeko eskatuko du AEBetan

Produktuaren ekoizleek argudiatu dutenez, txertatuen babesa sendotze aldera mesedegarria izango da

arantxa iraola
2021eko uztailaren 9a
11:19
Entzun

Pfizer eta BioNTech botika konpainiek AEB Ameriketako Estatu Batuetan elikagaien eta botiken gaineko ardura duen FDA agentzian eskatuko dute COVID-19aren aurka ekoitzi duten txertoaren hirugarren dosi bat jarri ahal izatea baimentzeko. Adierazi dutenez, hirugarren dosi batek izan dezakeen eraginari buruzko ikerketak egiten ari dira, eta «esperantza» eragiten duten aurkikuntzak egin dituzte: horregatik eskaria egiteko asmoa. Txertatuen babesa sendotzeko ona izango dela adierazi dute. Hain zuzen ere, bigarren dosia jarri eta sei hilabetera beste bat jartzen bada, gaitzaren aurka egiteko antigorputzak bost-hamar bider ugariagoak izaten direla argudiatu dute.

Ikerketa horien emaitzak FDAra «datozen asteetan» helaraziko dituztela esan dute botika etxeek, eta orduan egingo dutela eskaria, baimena eskuratze aldera. Hainbat adituk dudatan jarri dute, hala ere, hirugarren dosi hori beharrezkoa den. Orain ari dira ateratzen plazara txertoen eraginari buruzko hainbat ikerketa, eta horien emaitzak xeheki aztertu beharko dira gaitzari aurre egite aldera, eta izurria behar bezala hesitzeko, zer babes maila behar den argitzeko.

Eta AEBetan arloan ardura duten erakundeek ere ez dute erantzun immunitarioa sendotzeko dosi gehigarri baten aldeko jarrerarik azaldu; botika etxeen asmoaren berri izan ostean, prentsa ohar bat atera zuten atzo FDAk berak eta gaixotasunen prebentzio eta kontrolerako CDC erakundeak. Hirugarren dosi baten beharrik ez dutela ikusten adierazi zuten: «Guztiz txertatuak izan diren AEBetako herritarrek ez dute sendotze dosi bat behar, oraingoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.