Pfizerren txertoak hirugarren dosia beharko duela esan du haren sortzaileak

BioNTech enpresako buruak esan du bigarren dosia jaso eta bederatzi hilabetera hartu beharko dela. Gainera, gero, urtero txertatu beharko da, «sasoiko gripearekin bezala».

Oezlem Tuereci eta Ugur Sahin emazte-senarrak, BioNTechen sortzaileak, Alemaniako Gobernuak Martxoaren 19an emaniko emaniko dominarekin, Berlinen. Txertoa garatu izanagatik eman zieten domina. ANDREAS GORA / POOL / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 28a
16:30
Entzun

Ugur Sahin BioNTech enpresako sortzailea atzerriko prentsarekin bildu da gaur Berlinen, eta bere konpainiak Pfizerrekin garatu duen txertoaren inguruko argibideak eman ditu. Bi dositan ematen ari dira gaur txertoa Euskal Herrian, gainerako lekuetan bezala, baina, zientzialariak adierazi duenez, Pfizerren bigarren dosia hartzetik bederatzi hilabetera, beste dosi bat hartu beharko da immunizazioari eusteko.

Sahinek azaldu du txertoak ematen duen babesa ahuldu egiten dela denbora igaro ahala: «Gure datuen arabera, hiru hilabetera babesa ez da %95ekoa, baizik eta %91koa, eta zortzi hilabetera babesa ematen duten antigorputzak nabarmen urritzen dira. Horregatik, hirugarren dosi bat beharko dugu babesa berriz %100 ingurura eramateko».

Gaineratu duenez, gero, «ziurrenik urtero, edo, beharbada, 18 hilabetero, berriz txertatu beharko da, sasoiko gripearekin bezala».

Ugur Sahinek eta haren emazte Oezlem Tuerecik sortu zuten BioNTech botika konpainia, 2008an, eta biek garatu dute txertoa. Alemaniako Gobernuak Martxoaren 19an domina bat eman zien, Berlinen eginiko lanarengatik.

Indiako aldaera

Sahinek adierazi du oraindik ikertzen ari direla euren txertoak zenbateraino babesten duen Indian izurria asko larriagotu duen koronabirusaren aldaeraren aurrean: «Indiako aldaerak dagoeneko ikertu ditugun mutazioak ditu, eta gure txertoa eraginkorra da haien kontra. Horrek konfiantza ematen digu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.