Pfizerren txertoaren 50 milioi dosi «aurreratzeko» akordioa lortu du Europako Batzordeak

Heldu den hiru hilabeteetan banatzea da asmoa, eta hilabete honetan bertan hastea banaketa

arantxa iraola
2021eko apirilaren 14a
18:27
Entzun

Uda amaierarako EB Europako Batasuneko biztanle helduen %70 COVID-19aren aurka txertatuta egotea da Europako Batzordearen helburuetako bat, eta gaur, erakundeko presidente Ursula Von der Leyenek jakinarazi du akordio bat erdietsi dutela Pfizer botika etxeak eta BionTechek eratutako partzuergoarekin, heldu den hiru hilabeteetan haien txertoaren 50 milioi dosiren banaketa «aurreratzeko». Txertoen banaketa «bizkortzen» lagunduko duela esan du, eta txertaketa kanpainak arintzen. Banaketa hori hilabete honetan bertan hasiko dela azaldu du.

AstraZeneca botika konpainiak eta Johnson & Johnsonek sortutako txertoen inguruan zalantzak eta mesfidantzak sortu dira asteotan, eta aparteko oihartzuna izan du akordioak. Oraintxe bertan, esaterako, Johnson & Johnson banatzekoa zen Janssen txertoaren 400 milioi dosi Europako Batasunean, baina AEBetatik heldu diren hainbat kasu susmagarriren gaineko jakinarazpenen ondorioz, gerarazi egin dute banaketa.

EMA Sendagaien Europako Agentziak esan du aztertzen ari dela Janssen txertoaren inguruan zabaldu diren kasu susmagarriak, eta datorren astean emango duela ikerketa horren berri. Aurreratu du, hala ere, iritzi duela txerto horren onurak handiagoak direla izan ditzakeen arriskuak baino. Hainbat tronbo kasurekin lotu dute txertoa, baina bakanak dira. AEBetan, ia zazpi milioi pertsonari jarri diete txertoa, eta sei tronbo aztertzen ari dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.