Darwin eta gu

Pierrot, ‘mon amour’

Jose Mari Pastor
2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Sare sozialak astindu ditu Pedro Sanchezen gutunak. Testuak ekar ditzakeen ondorio politikoengatik eta haren eduki pertsonalarengatik. Maitasun mezuak eman du zer esanik. Sanchezek bere sentimenduak azaldu ditu: «Eta ni, ez nau gorritzen esateak, bere emazteaz biziki maitemindutako gizon bat naiz». Andreaz txoro-txoro eginda dagoela aitortu du. Maiteminduta. Nola da posible?

Tranpak? Plantak? Sanchezek gobernuan segituko ote duen zalantza hortxe dago. Den-dena jokaldi makiavelikoa ez ote den susmoa ere bai. Botereari eusteko trikimailua. Haren ibilbidea ezagututa, ez litzateke harritzekoa izango. Ados.

Hala ere, mezuaren alde intimoak, maitasun aitorpen publiko tolesgabeak, harritu gaitu gehien. Itxura hutsa ote? Ni neu ezezkoan nago. Sanchezen erabakia nerabe kasketa bat besterik ez dela izan adierazi du Feijook. Pentsatu nahi nuke agenda publikoa eteteari buruz ari dela narkoaren laguna, eta ez hark emaztea gogoan esandakoaz. Izan ere, zenbat nerabe —batez ere, gizonezkoak— dira gai, gaur egun, inoren aurrean neska lagunaz biziki maitemindurik daudela aitortzeko? Inor ere ez. Eta salbuespenik bada, barka diezadala.

Sanchezen gutuna irakurri eta hainbat mezu hedatu dira. Horietako askok Espainiako presidentearen jarrera laudatu dute —beste batzuek exhibizionismo sentimentala leporatu diote—. Aldeko usteen arabera, heldutasun seinale ditugu haren berbak. Herritar batek horrela argudiatu du Instagram-en: «'Nik ere maite zaitut' oso gauza eskasa da Pedro Sanchezek hau dioenean: ‘Emazteaz biziki maitemindutako gizon bat naiz'».

Zuzen dago: ba al da ezer koldarragorik «nik ere maite zaitut» esatea baino? Ironiaz sortutako esaldia arinkeriaz eta txepelkeriaz zabaldu dugu egun, ere hori erdian ipinirik, gure bihotz ahularen ezkutu. Besteak maite gaituela jakin eta hari gogorarazi eta gero baizik ez gara ausartzen geure sentimenduak aireratzera. Bai, euskal bihotz batentzat lartxo da, sobera, etengabe «maite zaitut» entzutea. Ordea, geure gabeziak agerian uzten ditugu herrietako festen aitzakian, eta soilik pailazoen kanta baten babesean, bikotekideari «maite zaitut, maite, maite zaitut» esaten ausartzen garenean. Lotsatu gabe. Begietara begira. «Maite zaitut» hori gehiegizkoa dela esango dute. Sentimenduak zenbat eta gordeagoak, sakonagoak, badakizu. Orduan, zergatik egoten gara umeentzat prestatutako abesti baten zain bihotza irekitzeko, mozorrotuta bada ere?

Antzeko iritzia azaldu du beste lagun batek: «Pedro Sanchezek hori idatzi eta zuek, bitartean, sutxoak bidaltzen Instagramen bidez». Arrazoi du. Aplikazio horietan sutxoak, izarrak, musuak, bihotzak eta antzekoak bidaltzen ibiltzen gara. Batzuetan eskuzabal; bestetan, xuhur, etengabeko neurketan, maitasunaren azokan: zenbat bihotz bidali dit urliak? Zenbat musu oparituko diot sandiari? Bihotz gorridun musuak ala deszifratu beharreko ezpain estuak izango dira?

«Zergatik egoten gara umeentzat prestatutako kanta baten zain bihotza irekitzeko, mozorrotuta bada ere?»

Lilura? Itxura? Zer dario Sanchezen mezuari? Maitemintzearen denbora laburra dela diote adituek. Andrearekin hainbat urte pasatu du hark eta maiteminduta dagoela esan. Ez maiteminduta segitzen duela. «Oraindik ere» ez du idatzi. Bazuen «emaztea maite dut» jartzea. Eta bakea. Maitasuna: maiteminaren sukarraren ondoan geratzen den sentimendua, era askotara uler daitekeena. Ez du egin, baina. Andreaz maiteminduta dagoela idatzi du. Halaxe. Adierazpena kitsch, gozoegia dela esango dute. Alta, bada ezer kitsch-ago edo hutsagorik amodioa bihotz, musu, sutxo, izartxo edo pailazoen haur kanta baten bidez agerraraztea baino? Hori baino umekeria handiagorik?

Maitasunagatik boterea uzteko prest dago Sanchez. Horraino iristeko gertu omen dugu gizona. Pedro Pierrot zoroa bihurtu zaigu. Bereari ekin dio Pedro ederrak, Belmondo itsusiak Godard-en filmean bezala. Arauak hautsiz. Izan ere, inor gutxi esatera ausartzen ez dena esan du: bere andreaz biziki maiteminduta dagoela. Eta gu, cro-magnon emozional koldarrok, haren ausardiaz maitemindu gara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.