Pilar Garrido da Ahal Dugu-ko idazkari nagusi berria, botoen %84 jasota

Miren Gorrotxategi lehendakarigaiarekin batera aurkeztu zen primarioetan. Alderdiak atzo bukatu zuen botoa emateko prozesua.

Pilar Garrido eta Juan Carlos Monedero, lehen lerroan, eta atzean Miren Gorrotxategi eta Roberto Uriarte, iazko ekitaldi batean, Zarautzen. JUAN HERRERO / EFE
mikel p ansa
2020ko ekainaren 19a
23:07
Entzun

Lander Martinezek otsail bukaeran utzi zuen Ahal Dugu-ren idazkaritza nagusia —alderdiak Miren Gorrotxategi lehendakarigai aukeratu eta gero—, eta Pilar Garridok hartuko du haren lekua. Alderdiak ostiral honetan bukatu du barne prozesua, eta alde handiz nagusitu da Garrido. 1.371 boto jaso ditu (%84). Beste hautagaiak, Maria Luisa Gadeak, 260 boto jaso ditu (%16).

Euskal Herriko Unibertsitatean Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da Garrido. Espainiako Kongresuan diputatua da —Gipuzkoan hautatu zuten, iaz; bertan bizi da—, eta Podemoseko Espainiako zuzendaritzako kide ere bada. 2015 eta 2019 artean senatari izan zen Espainian. Hori baino lehenago, 2001 eta 2009 artean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizita saileko zuzendaria izan zen, saila Ezker Batuako Javier Madrazoren eskuetan zegoenean. Hautagaitza aurkeztu zuenean adierazi zuen, idazkari nagusi aukeratuko balute, Madrilen diputatu gisa jarraituko zukeela.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiarekin, Asun Merino Bizkaiko batzarkide ohiarekin eta David Soto Irungo zinegotziarekin, besteren artean, osatu zuen primarioetarako zerrenda, Zubiak izena duena. Maiatz bukaeran hasi zuten primarioen prozesua, eta ekainaren 12 eta 17 artean eman zuten botoa idazkari nagusia eta Herritarren Kontseilua aukeratzeko. Ostiral gau honetan bukatu dute prozesua. Gaur goizean emango dituzte xehetasun gehiago.

Alderdia gidatzeko hautagaitza aurkeztu zuenean, «ahalik eta ikusmolde gehien» biltzeko intentzioa agertu zuen Garridok, alderdiko sektore guztietako ordezkariak bilduz. Baina korronte antikapitalistak otsailean utzi zuen alderdia, eta Martinezen eta haren ildoak primarioetara ez aurkeztea erabaki zuen. Alderdia josteko betekizuna izango du, beraz, Garridoren taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.