'Berrueta auzia'

Pilar Rubio espetxeratzeko agindu du epaileak

Anjel Berrueta okinaren hilketa probokatzeagatik 10 urteko espetxera zigortutako Pilar Rubio kartzelan da. Goizean egin da Berruetan hil zuten Valeriano de la Peña (Espainiako polizia) eta Miguel de la Peña aita-semeen emazte eta ama presodengian sartu edo ez erabakitzeko bista, eta espetxeratzea agindu du Francisco Cobo epaileak, Gurasoak elkartea ordezkatzen duen herri akusazioaren eskaera aintzat hartuz. Nafarroako Lurralde Auzitegiko fiskalburuak, berriz, helegitea aurkeztuta dauka Rubiori ezarritako zigorraren aurka. Baldintza gabeko behin-behineko espetxea agindu du epaileak.

2005eko abuztuaren 3a
13:21
Entzun
Zinpekoen epaimahaiaren deliberoaren eta epailearen epaiaren arabera, Rubiok eragin zuzena izan zuen Berruetaren hilketan: hark bultzatu zituen senarra (Valeriano de la Peña Espainiako Poliziako kidea) eta semea (Miguel de la Peña) okina hiltzera. Ondorioz, 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Nafarroako Lurralde Auzitegiko fiskalburu Javier Muñozek, ordea, helegitea aurkeztu zuen epai horren aurka, Rubiok delitu hori egin izana "zalantzazkoa" dela iritzita.

Gurasoak elkartea ordezkatzen duen herri akusazioak, berriz, Rubio segituan espetxera dezatela galdegin du. Auzi hori erabakitzeko bista da gaur egiten ari direna.

De la Peña aita-semeek 2004ko martxoaren 13an hil zuten Berrueta, tiroka eta labankadaka. Hori gertatu baino lehen, Pilar Rubio haien emazte eta ama jaitsi zen Berruetaren okindegira, 'ETA ez' jartzen zuen afixa dendan jartzeko exijituz. Martxoaren 11ko Madrilgo sarraskia gertatu berria zen, Jose Maria Aznarren Gobernuak atentatuak ETAri egotzi ondoren, giroa guztiz asaldatuta zegoen. Berruetak ezetz erantzun zion Rubiori, eta, orduan etxera igo zen, bere onetik aterata, senarraren eta semearen bila. Haiek okindegira jaitsi eta Berrueta hil zuten.

Valeriano de la Peña aita 20 urteko espetxera zigortu zuten; Miguel de la Peña semea, berriz, 15 urtera, eta Rubiori 10 urteko zigorra ezarri zioten hilketa probokatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.