Joan den urtarrilean jarri zuten martxan Pilotakadaz Pilotakada egitasmoa, eta hilaren 29an amaituko da, lurraldeka jokatuko dituzten finalekin: Lekornen, Elorrion, Gasteizko Ogetan, Tolosako Beotibarren eta Uharteko Euskal Jai Berrin jokatuko dituzte partidak.
Sakabanaketa salatzea izan da Etxerat-ek bultzatutako egitasmo horren helburua, eta hala berretsi dute gaur Iruñean egindako prentsaurrekoan: "Gure helburua lortu dugu: sakabanaketa salatzea eta preso eta iheslarien eskubideekiko errespetu eskaera frontoietaraino eramango zuen herri egitasmo bat bultzatzea. Ekainaren 29an, frontoiak beteko ditugu, sakabanaketa eta giza eskubideen urraketa amaitzeko".
Finalaren aurretik, ordea, asteburu honetan ere pilota partidak jokatuko dituzte, Oiartzungo Madalensoron. Lizarran, berriz, Ventura Tome presoaren egoera salatuko dute.