Pilotu irakasle bat zendu da Amurrion ezbeharra izanda, eta oso larri dago ikasle bat

Ohiko ariketa bat egiten ari zirela huts egin du hegazkinaren motorrak, eta ezin izan dute egin presazko lurreratzerik

Larrialdi zerbitzuetako langileak, eroritako hegazkinaren inguruan. Baserri gune batera jausi zen. JON HERNAEZ / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hegazkin pilotu izateko ikastaroak ematen aritzen zen gizon bat hil zen atzo eguerdian, eta ikasle bat oso larri zauritu zen, Amurrion (Araba), zihoazen aireko arina erorita. Pilotuek eurek eman zuten abisua, hegazkinaren motorrak matxura izan zuela eta. Handik gutxira jausi zen, 12:40 aldera. Larrialdi zerbitzuak heldu zirenerako hila zen irakaslea, 27 urteko plentziar bat. Ikaslea, berriz, oso larri aurkitu zuten; zaratamoarra da, eta 24 urte ditu. Bertan saiatu ziren suspertzen, eta Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zuten gero.

Pilotuen eskola bateko hegazkin batean zihoazen biak. Loiuko aireportutik ziren abiatuak, eta hari eman zioten matxuraren berri; motorra behar bezala ez zebilela-eta larrialdiz lurreratuko zirela jakinarazi zioten. Belaze batean egin zuten saioa, Amurrio kanpoko aldean, baina ezin izan zuten hegazkina kontrolatu. Herriko ur biltegiaren ingurura jausi zen. Baserriak badira inguru hartan, eta etxe batetik metro gutxira erori zen airekoa.

Loiuko aireportuko kontrol dorreak eman zien abisu larrialdi zerbitzuei. Ertzainak, suhiltzaileak eta anbulantziak joan ziren lekura; iristeko zailtasunak izan zituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Bi bidaiariak zihoazen kabina birrinduta topatu zuten. Lekuko batzuen arabera, zuzen erori zen hegazkina, eta aurreko aldea lurrean sartu zen. Irauli egin zen gero.

«Zailtasunik gabekoa»

Eguerdi-eguerdian zen abiatua hegazkina Loiutik. Pilotuen eskolak jakinarazi du «zailtasunik gabeko» hegaldi bat zutela egitekoa. Herri batzuen gainetik pasatu behar zuten, eta ikasleak erakutsi behar zuen gai zela horiek ezagutzeko. Ordubeteko ariketa zen.

Bidean, ordea, ezbeharra izan zuten. Airean ordu erdi pasatxo zeramatelarik, larrialdi deia jo zuen pilotu zihoanak: motorrak ez zuela behar bezala funtzionatzen, eta lur hartu beharra izango zutela. Jatorri eta helmuga zuten aireportutik 45 kilometrora zeuden. DA20 Katana delako hegazkin batean ari ziren ariketa egiten; bi lagunentzako lekua izaten dute gisa horretako airekoek, eta sarritan erabiltzen dituzte pilotutarako ikasten aritzen direnek.

Hildako irakasleak bost hilabete zeramatzan lanean Aerolink enpresan. 27 urte zituen, eta Plentziakoa izen. Bizkaitarra da zauritutako ikaslea ere, Zaratamokoa. 24 urte ditu. Buruan zauri handiak dauzka, eta oso larri daukate Gurutzetako Ospitalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.