Espainiako Osasun Ministerioak PIP bularreko protesiak kentzeko aholkatu die bere garaian protesi horiek jarri zituzten emakumeei. Protesi horiek 2010. urtean kendu zituzten merkatutik Hego Euskal Herrian, Katalunian, Galizian eta Espainian. Espainiako Osasun Ministerioak azaldu du zirujauekin plangintzak eginda kentzeko protesiak, baina ez dela presazkoa erantsi du.
Azkeneko azterketak egin ostean, ministerioak adierazi du ez dutela beste protesiek baino osasun arrisku handiagoa eragiten, baina "hauskorragoak" direla jarri eta hamar urtera. Protesien fitxa galdu eta zein motatakoak diren ez dakitenen kasuan, medikuarengana joateko eskatu dute. Halaber, ospitale pribatuekin harremanetan jarriko dira Espainiako Gobernuko ordezkariak, "inor gera ez dadin protesia kentzeko aukerarik gabe".
Jean-Claude Mas izan zen PIP protesien enpresaren sortzailea. 2010. urtean protesiak merkatutik kentzeko agindu zuen Frantziako Gobernuak, eta jarrita zeuzkatenei mediku azterketa egiteko eskatu zieten. 60 milioi euro gastatu zituzten emakumeei protesiak kentzen. Bestalde, auzitara eraman zituzten Mas eta enpresako beste hiru arduradun, iruzurragatik. Salaketak hasi zirenean, enpresak kiebra jo zuen.