osasuna

PIP bularreko protesiak kentzeko aholkatu du Espainiako Osasun Ministerioak

Protesi horiek merkaturatzen zituen Frantziako enpresa itxi eta berehala eskatu zuen kentzeko Parisek, 2011n.

2013ko urriaren 30a
18:29
Entzun

2010ean erretiratu zituen Espainiako Osasun Ministerioak PIP protesiak merkatutik, Frantziak PIP bularreko protesiek kalitate txarra zutela ondorioztatu ondoren. Erraz pitzatzen zirela, eta osasun arazoak sortzen zituztela uste dute. Hala ere, Espainiako Osasun Ministerioak azterketa gehiago egitea erabaki zuen, eta orain ondorio berriekin egin du gomendioa.

Osasun Ministerioak, Espainiako Osasun Produktuen eta Botiken Agentziak eskatutakoari jarraituz, gomendioak eguneratu ditu, eta ohartarazi du plangintza bat jarraituz kentzeko protesiak, ez dela-eta “presakoa”. 3.000 kasu aztertu ondoren, ondorioztatu du ez dutela beste protesiek baino osasun arrisku handiagoa eragiten, “baina hauskorragoak dira”, inplantea ezarri eta hamar urtera. Protokolo bat ezarri du protesiok dituzten emakumeek jarrai dezaten. Protesien fitxa galdu eta zein motakoak diren ez dakitenen kasuan, medikuarengana joateko eskatu dute.

Ospitale pribatuekin ere harremanean jarri da ministerioa, “inor gera ez dadin inplantea kentzeko aukerarik gabe”.

Frantzian, kasua auzitegian

PIP bularreko protesien auzia Marseillako auzitegian dago, Frantzian. Egoera txarrean zeuden protesiak jartzeagatik bost lagun akusatu zituzten, tartean Jean Claude Mas PIP enpresaren sortzaile eta jabea,. 5.000 baino gehiago dira kaltetuak. Akusazio abokatuak berriz, kexu agertu ziren, protesiak ikuskatzen zituzten osasun arduradunak ez dituztelako epaituko.

Hain zuzen, osasun produktuen ikuskatzeak zorrozteko araudi berria proposatu du gaur bertan Europako Batzordeak, besteak beste, fabrikatzaileei ezusteko ikuskatzeak egiteko, eta bete beharrekoak betetzen ez dituztenei beren jarduera bertan behera uzteko. Europako herri guztiek jarraitu beharreko gida da, eta Europaren eta estatuen arteko elkarlana eskatzen du. PIP protesiekin gertatutakoaren ondoren gaixoengan galdu den konfiantza berreskuratzea du helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.