Piratek hartu dute Donostia: "Donostia geure egingo dugu". Abordatzean parte hartzeko, Euskal Herri osotik bildu da jendea, bai eta atzerritik ere. Goizeko zortzietan hasi dira arratsaldeko abordatzea prestatzen, kaiko arranpan, eta Donostiako Piraten abestia jarri dute: Mundu berri baten mapa. Badira 11 urte gazte donostiar batzuk herri jaien alde antolatzen hasi zirela, eta, gaur egun, piraten abordatzea Donostiako Aste Nagusiko ekitaldi handienetako eta ikusgarrienetako bat da: 3.500 pertsonak baino gehiagok abordatuko dute Kontxako hondartza, 350 baltsatan.
Baltsa batzuk uretara sartu bezain laster hondoratu dira, eta gehienak Kontxara iristea lortu dute. Dena dela, goizean goizetik baltsak muntatzen hasi dira, eta txandaka egin dituzte muntaketa lanak. Herri bazkaria egin bitartean, baltsak lotuta utzi dituzte portuan. Pirata bandera klasikoak, ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herrira banderak ikusi dira, besteak beste. Gogora ekarri dute Kontxara heltzean baltsen arrastoak paseolekura eraman behar direla, eta "elkar errespetatzeko" deia egin dute: "Ez gara irabaztera etorri: ondo pasatzera etorri gara".
Herri bazkaria hasi dute 14:00etan, eta, tripa bete eta eztarria freskatu ostean, kaira joan dira txupinazoa bota eta abordatzeari ekiteko 17:00etan. Ordu horretan egin dute salto uretara gazteek, eta baltsa ilara luzeak egin diren arren, gehienek norabide zuzena hartzea lortu dute: Kontxako badia.
Behin hondartza abordatzean, baltsak jaso eta Bad Sound System taldearekin kalejira antolatu dute: Kontxatik La Flamenka gunerako ibilbidean hankak berotu dituzte piratek: bertan, kontzertua eskiniko dute. 23:00etan, Talco eta Non Servium taldeek lekukoa hartuko dute, gune horretan bertan. Bestelako musika nahi duenak, ordea, Nautikora gerturatu, eta aukera izango du Ziribulio Sound DJarekin gorputza dantzan jartzeko. Horren ostean, reggae dancehall musika entzun ahal izango da artista gonbidatu baten eskutik, baina piratek ez dute jakinarazi oraindik nor izango den.
Donostiako piratek egitarau osoa antolatzen dute Aste Nagusian.
Atzo, erromeria eguna
Egun mugitua antolatu zuten atzo Donostiako piratek. Hastapenean, Urgullen egin behar zituzten hainbat ekitaldi, baina, joan den astean Pasealeku Berrian gertatutako istripuaren ondorioz, La Flamenka gunean egin zituzten.
Pirata Bihurriek haurrentzako jolasak antolatu zituzten egun osoan, helburu argi batekin: umeek ere euren lekua eta plangintza izatea Donostiako Aste Nagusian. 13:30ean, Motako gaztelua zena oroitzeko zapi eta lore eskaintza antolatu zuten Moko kofradiako piratek, eta Kantujirako lagunen ahotsek alaitu zuten omenaldia. Horren ostean, herri bazkaria egin zuten, eta 17:00etan Laiotz taldeak berbena piztu zuen.
23:00etatik aurrera, Blaka eta Willis Drummond taldeek girotu zuten La Flamenka. Azkeneko talde horrek, Mikel Laboaren kantu baten bertsioarekin itxi zuen kontzertua. Ordu berean, Nautikoan Krak in Dub 'Fogata Sounds' DJak musika jarri zuen.
2013ko larunbateko Txupinazo Piratan portua bete zuten donostiarrek.