Pirinioetan bi hartz eme askatzeko baimena galdegin dute

Fapas elkarteak Kroazia edo Esloveniatik ekarriko lituzke hartzak, eta bere gain hartuko luke kostua

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Fapas animalia basatien babeserako elkarteak baimena eskatu dio Nafarroako Gobernuari, Pirinioetan bi hartz eme askatzeko. Pirinioen mendebaldean hartz arrearen espeziea egoera «desesperatuan» dago, Fapaseko kideen hitzetan; hiru hartz arre gelditzen dira, eta hirurak arrak dira. Asturiasko Gobernuari bi hartz eskatu zizkion elkarteak, baina hark ukatu egin zizkion; orain Kroaziatik edo Esloveniatik ekartzea pentsatu dute elkarteko kideek, eta haiek Nafarroako Pirinioetako lurretan libre uzteko baimena emango ote lukeen galdetu diote foru gobernuari.

Pirinioetako azken hartz emea duela zazpi urte hil zuten ehiztari frantziar batzuek, kumea hazten ari zela. Kume hura da, hain justu, orain Pirinioetan gelditzen diren hiru hartzetako bat. Fapasek gogorarazi du Frantziako agintariek beti ukatu izan dutela Pirinioetan hartzak sartzeko aukera. Espainiako Gobernuak, aldiz, hartzen populazioa handitzeko proposamen bat aurkeztua du Europako Batasuneko Life programan.

Kroaziatik edo Esloveniatik ekarritako hartzak hamabi eta hamasei hilabete artekoak lirateke, eta Pirinioetan egun daudenen familia genetiko berekoak dira. 30.000 euroko kostua luke hartzak ekartzeak; Fapasek bere gain hartuko luke gastua, osorik, Nafarroako Gobernuak baimena emango balio. Heldu den urtearen eta 2013aren artean askatuko lituzke. Asturiasen egindako lanaren esperientzia baliatuko luke elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.