Piriz aske atera da Auzitegi Nazionalak doktrina ez aplikatzea erabaki ostean

2009tik kalean behar zuen Juan Manuel Pirizek. Beste 54 presoren eskariak ere mahai gainean zituen Auzitegi Nazionalak; Gorenean eta Konstituzionalean helegitea jarri dutenen kasuan, epaitegi horien esku utzi du erabakia. Gainerakoen inguruan, ostiraleroko osoko bilkuretan erabakiz joango da.

2013ko urriaren 25a
09:41
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak gaur egin du osoko bilkura, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinaziragan astelehenean emandako ebazpena nola ezarri aztertzeko. 09:15ean batzartu dira aretoa osatzen duten hamazazpi epaileak, Fernando Grande Marlaskak zuzenduta, eta 14:00 aldera jakinarazi dituzte bertan hartutako erabakiak.

Josepa Ernaga askatzeko data aurreratzeko eta Juan Manuel Piriz libre uzteko eskaerak izan dituzte mahai gainean, baina baita doktrina ezarria duten auzi guztiez batera edo banan-banan erabakiko duen ere. 54k aurkeztu dute eskaera, baina epaitegiak esan du 49 jaso dituztela.

Ernagaren inguruko deliberoa atzeratu egin dute azaroaren 8ra, edozer ebatzita ere espetxean jarraituko duelako oraindik. Piriz, ordea, libre utzi dute. 2009az geroztik behar zuen aske. Arratsaldean atera da giltzapetik. Bestalde, Gorenean eta Konstituzionalean helegitea jarri dutenen kasuan, epaitegi horien esku utzi du erabakia Auzitegi Nazionalak. Gainerakoen inguruan, ostiraleroko osoko bilkuretan erabakiz joango da. Hiru eguneko epea eman dio fiskalari horien inguruko txostenak prestatzeko.

Astelehenean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak ebatzi zuen Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 5.1 eta 7. puntuak urratu zituela, Ines del Rioren espetxealdia luzatuta. 2008ko uztailetik libre behar zuen Del Riok, eta Estrasburgok esan zuen bost urte zeramala legez kanpoko atxiloaldian. Asteartean utzi zuten libre.

Gorena ere aurki bilduko da

Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak esateko zer duten ere ikusteko dago. Gorenak azaroaren 12an egingo du bilera bat, Estrasburgoren erabakia aztertu eta erabaki bat hartzeko. Gorena izan zen 2006. urtean doktrina sortu zuen auzitegia. Gorenean bost helegite daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.