'Parot doktrina'

Piriz 'persona non grata' izendatzeko PPren proposamena ez dute bozkatu Portugaleten

Udalak izendapen hori egiteko eskumenik ez duela argudiatu du alkateak. Nolanahi ere, gaiaz eztabaidatu dute. PSNk UPNrekin harremanak etetea aztertuko du, Tafallako Udalean jazotakoaren harira esandakoagatik.

2013ko urriaren 31
19:01
Entzun

Bizkaiko PPk Portugaleteko Udalean Juan Manuel Piriz preso ohia persona non grata izendatzea proposatu du. PPk iragarri du Parot doktrinaren inguruan Estrasburgok hartu duen erabakiaren ondorioz aske geratzen diren presoak modu horretan izendatzea proposatuko duela horien jaioterrietan, UPNk Tafallan egindakoaren bidetik, eta gaur egin du lehen aldiz.

Piriz pasa den astean geratu zen aske, espetxean 29 urte eman eta gero. PPk dio "giza eskubideen eta oinarri eta balore demokratikoen aurkako biografia" duela. PSE-EEk jakinarazi du gaur eztabaidatuko dutela mozioa —alderdi horrek gobernatzen du Portugaleten—, baina ohartarazi du "lasterketa horrek" ez daramala inora.

Nerea Llanos Bizkaiko PPren idazkari nagusiak aurkeztu du egitasmoa, eta jakinarazi du herri gehiagotara zabalduko dituztela mozioak, presoak espetxetik irteten doazen heinean. Llanosek azaldu duenez, "terrorismoaren biktimei elkartasun keinua" egin nahi diete horrela. PSE-EEko antolakuntza idazkari Rodolfo Aresek, baina, PPri esan dio hori ez dela "bizikidetzarako bidea".

Eztabaidatu bai, baina mozioa ez dute bozkatu. Mikel Torres alkateak azaldu duenez, udalak ez du eskumenik izendapen hori egiteko: "Eztabaida ahalbidetuko dugu eta eztabaidatuko dugu, baina ez da bozketarik izango".

Zuzenketa eskaera, Sergio Sayasi

Elkartasunerako baino, egitasmoa polemikarako iturri bihur daiteke, gainera, herenegun Tafallan gertatutakoaren karietara PSNko kideek ohartarazi dutenez. Ines del Rio euskal preso ohiaren "curriculum ankerra" gaitzesteko mozio bat onartu zuen Tafallako Udalak —hangoa da Del Rio—, baina UPN bakarrik geratu zen mozioaren defentsan eta osoko bilkuran, bozketan ez baitzuten parte hartu PSNk, Bilduk eta IT Tafallaren Alde taldeak.

UPNko komunikazio arduradun Sergio Sayasek PSNren jarrera "doilorra, koldarra eta ulergaitza" kritikatu du, eta erantzun bat eskatu dio Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiari. Rubalcabak ez, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak eta Santos Cerdan PSNko Antolakuntza idazkariak erantzun diote Sayasi.

Hitzak zuzentzeko eskatu dio Cerdanek UPNri, eta, hala egiten ez badu, ohartarazi dio bi alderdien arteko harremanak etetea aztertuko duela PSNk. Roberto Jimenezek, berriz, Tafallako zinegotzien jarrera babestu du, eta azaldu du iragan astean herriko PSNko zinegotziekin batzartu zela eta hark esan ziela zer egin.

Jimenez: "Adostasuna ezin da apurtu"

Jimenezen ustez, horrelako gaiak ezin dira "horrenbesteko arintasunez" eraman osoko bilkuretara: "Gai horiek beti izan dira adostasunezkoak eta ezin dira apurtu". Botereen banaketan sinesten duela azaldu du, eta gaineratu du Parot doktrinari buruzko auzian ere funtzionatu duela zuzenbide estatuak.

"Espetxetik irten den pertsona batek ordaindu du gizartearekiko ordaindu behar zuena, eta hori terrorismoaren biktimekiko begirunez esaten dut", azpimarratu du Jimenezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.