Pirritx, Porrotx eta Marimototsi "Batasunaren maskotak" deitzen dien mezu bat birtxiokatu du Iruñeko Udalak

Berehala ezabatu du mezua, eta "nahigabe" egin dela adierazi.

Bertxioaren froga. BERRIA
Iosu Alberdi.
2019ko azaroaren 19a
16:15
Entzun

Azken egunetan zeresana ematen ari da Iruñeko Udaleko Twitter kontua. Bi hizkuntzetan erabiltzen zuen kontua gaztelania hutseko bilakatzea erabaki zuen lehenik, eta oraingoan Pirritx, Porrotx eta Marimototsi "Batasunaren maskotak" deitzen dien mezu bat birtxiokatu du. "Nahierara eginiko kontratu irregular bat bertan behera uzteagatik haserretzen diren Batasunaren maskotak. Zein barregarriak diren", dio zehazki mezuak. Udalak sare sozial beretik azaldu du kontuak "monitorizatzerako" garaian eginiko akats bat dela. Jatorrizko txioa Miguel Cornejok idatzia da, Nafarroako Ciudadanoseko Erakundeekiko Harremanetarako arduraduna. Ciudadanos Navarra Suma koalizioko kide da.

Pailazoen eta Navarra Suma buru duen udalaren arteko gatazka aurreko astean piztu zen, lehenengoek adierazi zutenean azaroaren 29an Baluarten egin behar zuten ikuskizun bat bertan behera utzi zuela udalak. Sare sozialetan indar hartu du gaiak, eta atzo Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eginiko agerraldiaz mintzo den txio baten erantzuna da Iruñeko Udalak birtxiokatu duena. Berehala egin du atzera, eta adierazi "halako mezuek" ez dutela lekurik udalaren sare sozialetan. Kasu honetan, euskaraz ere eman dituzte azalpenak: "Kaixo. Esan bezala, txioa nahigabe partekatu da Udalari buruz sareetan esaten dena monitorizatzean. Une berean ezabatu da, ta hala ere ikusgai geratu da minutu batzuetan zehar. Espero dugu ulertzea. Eskerrik asko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.