Eusko Jaurlaritzak iaz baino 15.866 euro gehiago emango dizkie aurten euskarazko hedabideei. Hala ere, praktikan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzak diru laguntzak murriztu egin ditu: alde batetik, diru laguntzei Kontsumo Prezioaren Indizea aplikatzen ez dielako (%3,2 2004an Hego Euskal Herrian); bestetik, iaz ere diru laguntza jaso zuten 88 komunikabideetatik 56ri kopurua murriztu egin dielako; eta, azkenik, iaz 88 komunikabidek jaso zuten dirua aurten 106k jasoko dutelako. Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen euskarazko komunikabideak «sendotu, garatu eta normalizatzeko» diru laguntzen banaketa EAEko aldizkari ofizialean.
Berria da murrizketa handiena jasango duen komunikabidea: iaz baino 50.191 euro gutxiago eta Euskaldunon Egunkaria-k 2002an jaso zuena baino 252.783 euro gutxiago.
Berriari gutxitu dizkioten 50.000 euroak gehitu dizkiete, berriz, tokiko egunkariei. Hala ere, aurten zazpi egunerokoren artean banatu dute iaz lauren artean banatu zuten dirua. Gainera, iaz ere jaso zutenek gutxiago jasoko dute aurten.Aldizkariek, oro har, iaz baino 50.661 euro gutxiago jasoko dituzte. Informazio orokorreko hiru aldizkarik (Argia, Aldaketa 16 eta Zabalik), berriz, iaz baino diru gehiago jasoko dute. Zabalik da komunikabide guztiak aintzat hartuz gero iazkoaren aldean igoera nabarmenena izan duena: 116.166 euro gehiago, 206.669 guztira. Tokiko aldizkariek, ordea, iaz baino 31.648 euro gutxiago jasoko dituzte: 32 herri aldizkarietatik 29k diru laguntza txikiagoa jasoko dute aurten.Aldizkari espezializatuei diru laguntza murriztu diete; gehitu, berriz, haur eta gazte aldizkariei, irratiei, toki telebistei eta Interneteko argitalpenei. Webguneei dagokienez, aurten 27ri eman diete iaz hamaikari eman zieten dirua.Diru laguntzak aurtengo jardunerako diren arren, ebazpena azarokoa da eta atzo argitaratu zen. Komunikabideek bi hilabeteko epean jasoko dute diru laguntzaren lehen zatia (%75), eta diru laguntza zuritzeko agiriak aurkeztu eta onartu ondoren bigarrena. Beraz, abenduan edo datorren urteko urtarrilean jasoko dute aurtengo diru laguntzaren zati nagusia.
EUSKARAZKO KOMUNIKABIDEAK
Pixka bat gehiago, askoz gutxiago
Eusko Jaurlaritzak komunikabide gehiagoren artean banatu du diru kopuru berdintsua eta laguntza murriztu die gehienei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu