«Donostian, mozal legeak eta mozal ordenantzak helburu bera dute: kritika soziala eragoztea. Ertzaintza eta Udaltzaingoa Donostiako polizia politikoa dira». Hori esan du Piztu Donostia herri ekimenak, Donostian egin duen agerraldian. Esandakoa berresteko hainbat datu ere eman dituzte. Haien arabera, azken bi urteetan Donostiako udalak 289 isun jarri ditu «lan politikoa eta soziala» egiteagatik. Hau da, hiru egunetik behin ekintzaile edo eragile sozial bati isuna jarri diote. Zehatzago esanda, 88 isun jarri dituzte mozal legearen 36.6 artikulua ez betetzeagatik –agintaritzari desobeditzeagatik edo jarkitzeagatik–, eta 201 isun mozal legearen 37.4 artikulua –errespetu falta agintaritzako agenteei– urratzeagatik. «Donostian ekintzaile zein eragile sozialen aurkako errepresioa gogortu egin da», nabarmendu dute. Izan ere, ziurtatu dutenez, 130 isun jarri zituzten 2018an, eta 155 isun 2019an.
«Ikusten dugu Donostian oinarrizko eskubide demokratikoak murrizten ari direla». Egoera hori ikusirik, geldirik ez egotea erabaki dute, eta Piztu Donostia mozal legeari ez! kanpaina abiatu dute. Bi helburu nagusi dituzte. Alde batetik, egungo egoera «tamalgarriaren» berri ematea eta herritarrak aktibatzea, eta, beste aldetik, eskubide sozialen, zibilen eta politikoen bermea lortzeko, Donostian hiru egitura martxan jartzea: Isunen Protokoloa, Eskubideen Behatokia eta Erresistentzia Kutxa. «Guztion arteko elkarlana izango da bide bakarra poliziek adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna edo mobilizatzeko askatasuna errespetatzeko».
Egitura horietako bakoitzaren funtzioak ere azaldu dituzte. Isunen Protokoloak zehaztuko du urtarrilaren 30erako antolatuta dagoen greba orokorrari lotuta Donostian isuna jasotzen duen edonork nola jokatu behar duen. Isuna jasotzen dutenek fitxa bat bete beharko dute, eta Donostian zigortutakoen sarea osatuko dute. Ondoren, fitxa guztiak Donostiako Eskubideen Behatokira bidaliko dituzte. «Donostian Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren edo beste edozein segurtasun indarren eskubide sozialen, zibilen edo politikoen aurkako erasoen jarraipena egingo du Eskubideen Behatokiak», azaldu dute. Hau da, beraiek erabakiko dute, isunaren ezaugarriak aztertu ondoren, fitxa Erresistentzia Kutxaren esku uztea ala atzera botatzea. Kutxa horren helburua izango da Donostian «lan soziala, zibila edo politikoa» egiteagatik isuna jaso dutenei ordaintzen laguntzea.
Lau mobilizazio
Egoeraz ohartarazteko, lau mobilizazio ere antolatu dituzte. Urtarrilaren 13tik 20ra izango da lehenengoa. Eragile guztiei eskatu diete adierazpen askatasunaren astea egiteko eta kartelak, pankartak eta bestelakoak jartzeko kalean. Urtarrilaren 25ean, berriz, mobilizazioa egingo dute Pio XIItik udaltzaingoaren biribilgunera. Otsailerako beste bi ekintza antolatu dituzte. Otsailaren 1ean, greba orokorraren ondorengo «balantze errepresiboa» egingo dute, eta, otsailaren 15ean, mobilizazioa egingo dute Donostiako udaletxetik Egiako epaitegira, mozal legea eta mozal ordenantza bertan behera uztea eskatzeko.