Javier Lopez de Robles. Eguzki talde ekologistako kidea

«Planetari iraunaraztearen kontra doa egungo eredua»

Lohizune Amatria.
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Defizit ekologikoa kezkagarria da, eta talde ekologista asko ari dira lanean horri aurre egiteko. Eguzki da talde horietako bat; Euskal Herriko garraioa, lurralde antolakuntza, bizimodua eta kontsumoa ikertu ditu azkenaldian. Javier Lopez de Robles (Gasteiz, 1970) Gasteizko Eguzki taldeko kidea da, eta uste du arazoa konpontzeko kontzientzia dela beharrezko lehen baldintza.

Defizit ekologikoan dago mundua asteazkenetik. Zerk eragin du?

Gure bizimoduak gero eta aztarna ekologiko handiagoa du. Gero eta gehiago kontsumitzen dugu, eta gero eta hondakin gehiago sortzen ditugu. Planeta jada ez da gai gure kontsumoa asimilatzeko. Gainera, planetari iraunaraztearen guztiz kontra doa egungo eredua. Ez da posible horrela bizitzea. Desagertzeko bidean doa planeta.

Ondorioak, beraz, larriak dira...

Hau ez da bide zuzena, eta larriak izango dira ondorioak, bai. Egoera aldatu behar dugu, eredua aldatu. Gure planeta jaten ari gara, baina planeta mugatua da, eta ezingo dugu horrela jarraitu. Euskal Herrian, adibidez, desagertzen ari dira baliabide naturalak. Gero eta produktu gehiago kontsumitzen ditugu, baina ez ditugu berrerabiltzen. Ez ditugu gizarte beharrak kontuan hartzen, eta diruaren truke egiten dugu beti dena.

Eta zer egin dezakete herritarrek aztarna murrizteko?

Bi ikuspuntu ditugu Eguzki taldean. Batetik, kontziente izan behar da. Egoera eta eredua aldatu behar dugula jakin behar du jendeak. Kontsumitzeko eta jateko behar asegabe eta zentzugabea dugu egun. Bestetik, uste dugu aztarna ekologikoa pertsona bakoitzak aztertu behar duela. Praktikak aldatu behar ditugu. Egunero, adibidez, bizikletak, autoak eta autobusak erabiltzen ditugu, eta horiek aztarna ekologikoa badute. Behar horren ondorioa izan dira bideak, horien mantentzea, erregaiak... Gure bizimodua zalantzan jarri behar dugu. Aztarna ekologikoa azterketa teorikoa da, baina praktikan aztertu eta borrokatu behar da.

Politikariek ere zeregina izango dute horretan?

Politikariek ere egoeraz kontziente izan behar dute. Onartu beharko dute eredua kolokan jarri behar dela. Baina ez hitzekin. Hitzak utzi eta ekin egin behar dugu denok, politikariek barne. Ekologia ez da itsasgarri bat. Pertsona koherente eta erradikala da ekologista, eta pertsona horren taldeak sostengua eman behar dio beste eredu baten beharrari.

Zein da eredua Eguzkirentzat?

Gure ustez, Euskal Herriak herri librea izan behar du. Egoeraz kontzientea, eta parte hartzailea. Beste eredu bat posible da, eta beharrezkoa, gainera. Beste energia mota batzuen aldeko apustua egin behar dugu. Nekazaritzari garrantzia eman behar zaio, eta, komertzio handiei bultzada eman beharrean, komertzio zuzenaren alde egin behar da. Ekosistema demokratikoa lortu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.