Plastikoak eskuan, kale nagusian zain ziren Jaizkibelen kontrakoak. Beste urteetan baino plastiko txikiagoa izan dute aurten, eta gerriraino bakarrik estaltzen zituen haren atzean zeudenak. Aurpegiak ikusi dizkiete elkarri, eta tentsioa handia izan da. Baina harro pasatu dira Jaizkibel konpainiakoak, eta txaloak ere entzun dituzte, batik bat, Arma plazara irits direnean. Aurten ere alkateak ez die harrerarik egin.
Kale Nagusi parekidea aurrera, poliziaren babesik gabe. Beste urrats bat. @berria#jaizkibel20pic.twitter.com/KDTFUdmUCB
— Arantxa Iraola (@ArantxaIraolaAl) 2017(e)ko irailak 8
Hogeigarren urtez, emakume eta gizonez osatutako Jaizkibel konpainia desfilatzera atera da gaur Hondarribiko kaleetan (Gipuzkoa). Bi hamarkadako presentziak, ordea, ez die oraindik zenbait bizilagunen errespetua ekarri: emakumeak soldadu rolean onartzen dituen konpainia bakarra da oraindik, eta, horregatik, alarde baztertzaileen jarraitzaileek urtez urte arbuiatu eta mehatxatu izan dituzte herriko kaleetan barrena desfilatu izan dutenean.
Gune gatazkatsuenetakoa Kale Nagusia izaten da, goizeko lehen orduan, Jaizkibel konpainia alarde baztertzaileko zaleen aurretik igarotzen denean. Haiek bizkarra eman ohi diete edo plastiko beltzak altxatu ohi dituzte protesta keinu gisa. Aurreko urteetan, Ertzaintza arduratu izan da alardeko gatazkez; 2013tik, plastikorik ez jartzeko eskatu izan du, baina alarde baztertzailearen zaleek ez diote jaramonik egin. Hala ere, badirudi gauzak aldatzen ari direla, gutxi bada ere.
Alarde baztertzaileko mutiko batek besteari oraintxe: "Nola jarriko nauk ba bizkarra emanda?" @berria
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2017(e)ko irailak 8
Jaizkibel konpainiak azaldu du bere ibilbidea eta ordutegiak moldatu izan dituela, Poliziak hala eskatuta: "Ertzaintzarekin adostutakoa hitzez hitz bete dugu, ordu, minutu, ibilbide, dena". Aurten, ordea, Irungo ertzain etxeak ez dauka asmorik inor Kale Nagusira bidaltzeko, eta kezkatuta egon da konpainia. "Guk desfilatu nahi dugu, beste edozein konpainiaren moduan, Ertzaintzarik gabe, bakean". Baina oraindik ez da horretarako ordua: erasoak sufritzeko arriskua handiegia da oraindik. Horregatik, ibilbideko gune gatazkatsuenean babesa emateko eskatu zioten Irungo ertzain etxeari: "500 hondarribiarren segurtasuna ezin da apustu pertsonal baten menpe egon".
Ertzainak egon dira Hondarribian, baina ez beste urteetan bezala, uniformeekin eta ikusleen eta konpainiaren artean.
Ertzainen hamabi ibilgailu Kale Nagusi amaieran. Barruan daude. Uniformedun ertzainik ez aurten. @berria
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) 2017(e)ko irailak 8
Jaizkibeli babesa emanez pankarta handi bat zabaldu dute konpainiaren bidean, eta hainbat ordezkari politiko ere joan dira. Esate baterako, Udaletxeko arkupeetan ziren Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura Diputatua, Izaskun Landaida Emakundeko lehendakaria, Julia Hernandez Arartekoaren albokoa eta Maialen Iriarte EH Bilduko legebiltzakidea.
[YouTube]https://youtu.be/MPcuANc1yR8[/YouTube]