Goizean goiz ibili dira plastikozko hesiak jartzen, Jaizkibelek ibilbidea hasterako aritu dira horretan. Ordurako Ertzaintzaren 15 bat furgoneta zueden inguruan, baina ez dute neurririk hartu kalea estaltzen ari zirenen aurka. Plastiko beltzarekin osatutako hesi horiek pertsona heldu baten tamainakoak dira, eta desfile mistoa ikustea galaraztea dute helburu, estaltzea. Iaz ere jarri zuten plastikozko horma hori Kale Nagusian; aurten oraindik ere luzeagoa egin dute, Kale Nagusitik haratago biribilguraino.
Plastikoaren atzean, berriz, hainbat jende bildu da, gehienak oso gazteak, turutekin-eta burrunba ateratzen, emakumeen eskubideak bermatzen dituen alardearen txilibitu doinuak estaltzeko.
Arestian aipatu bezala, Jaizkibelen desfilea estaltzea eta ikusezin bihurtzea da ekintza horien guztien helburua. Horren argigarri ibilbidearen hasieran alarde tradizionalaren aldekoek —emakumeei berdintasunean parte hartzea galarazten die alarde horrek— jarritako pankarta: Ez gara etorri zuek ikustera jartzen zuen.
Nolanahi ere, plastikoa iaz baino luzeagoa izan arren, gogotsu egin dute Jaizkibel konpainiakoek Arma plazarainoko ibilbidea. Han, iaz bezala, deskargarik ez egitea erabaki dute. Gero, jai giroan jaitsi dira behera. Gainera, bazuten pozteko arrazoirik: iaz ez bezala, ibilbidean jendea ikusten zen plastikoaren aurrera aterata beren ekitaldia txalotzen.
Garoa Lekuona Jaizkibel konpainiako kapitainak "pozik" daudela agertu du desfilea amaitu ondoren. Pozik ibilbidea istilu handirik gabe egin ahal izan dutelako eta 180 lagun bildu direlako konpainia horretan. Baina "tristura" ere sentitzen dutela erantsi du. Izan ere, aurten plastiko beltzik ez ikusteko esperantza zutela agertu du, iaz herriak eman zuen irudiarekin ez zeudelako guztiz konforme Udala eta hainbat eragile. Horregatik, berriro ere "murruarekin" topo egitea neurri batean sorpresa izan dela aitortu du Lekuonak. Alarde publiko eta berdinzalea aldarrikatu du, eta iragarpen bat ere egin du: datorren urtean Guadalupera botoak egitera joango dela Jaizkibel Konpainia mistoa, eta herriko agintariek jaramonik egiten ez dietenez, Guadalupeko Andra Mariari eskatuko diotela alarde berdinzalea.
Alarde mistoari babesa agertzen Hondarribian izan dira hainbat agintari eta alderdi politikoetako ordezkari, hala nola, Iñigo Lamarka arartekoa, Esther Larrañaga Jaurlaritzako Ingurumen sailburua eta EAJ, Batasuna, EA, EAHK, EB eta Aralarreko ordezkariak.
Emakumeen bazterketa
Plastiko beltzekin osatutako 'hormak' inguratuta desfilatu behar izan du aurten ere Hondarribiko alarde mistoak
08:25etan abiatu du Hondarribiko (Gipuzkoa) alardeko desfilea Jaizkibel konpainia mistoak, hau da, gizon eta emakumeei festan berdintasunez parte hartzeko aukera ematen dien bakarrak. Gogotsu egin dute ibilbidea, baina, iaz bezala, andrazkoei eskopetero gisa desfilatzea galaraztearen aldekoek, plastiko beltzarekin egindako =i hesiak=i jarri dituzte ibilbideko zati garrantzitsuenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu