Hondarribian bada eztabaida: nork antolatzen duen alarde mistoaren aurkako eta alarde baztertzailearen aldeko protesta, plastiko beltza nola hedatzen den, zeinek banatzen dituen txartelak. Alarde Fundazioak esan ohi du herritarrek protesta egiteko eskubidea dutela, eta berez agertzen dela adierazpen hori.
Herritar batzuek, ordea, bideoz grabatu dituzte momentu horiek: irailaren 8ko goizean goizetik nola antolatzen den alarde mistoaren aurkako protesta Kale Nagusian. Eta sare sozialetan zabaldu dituzte bideo horiek.
[Youtube]http://youtu.be/RCkN9-1TqaA[/Youtube]
Irudietan ikusten da emakume talde batek banatzen eta jasotzen dituela plastiko beltzak eta txartelak. Kale Nagusiko etxe bateko ataritik atera eta sartzen dituzte tresna horiek.
Bideoetan ageri da, gainera, alarde mistoa pasatu bitartean Kale Nagusian dauden ertzainek ez dietela oztoporik jartzen zeregin horretan ari direnei, nahiz Eusko Jaurlaritzak berak eskatu elementu horiek ez erabiltzeko. Iaz plastiko beltzik eta antzeko elementurik ez ateratzeko eskatu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Alarde baztertzailearen zaleek ez zuten eskari hori aintzat hartu.
Aurten zehatzagoa izan da Jaurlaritzaren eskakizuna: Alarde Fundazioari berari esan dio protesta horretan aritzen direnak bere zaleak direla eta, beraz, berari dagokiola plastiko beltzik ez dadila egon bermatzea.