Gizartea

Plastikozko poltsa arinak ere ordaindu egin beharko dira uztailetik aurrera Hegoaldean

Orain artean dendetan doan ematen ziren poltsei eragingo die dekretuz hartutako erabaki horrek. Hamabost mikra baino txikiagoko poltsak bakarrik daude neurritik salbuetsita.

Plastikozko poltsa handiak rdaindu egiten dira dagoeneko; txikiei eragingo die neurriak. IñIGO URIZ / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 18a
12:10
Entzun

Erosketak egiteko orduan erabilitako plastikozko poltsa guztiak ordaindu egin beharko dira Hego Euskal Herrian. Poltsa arinek "izugarri kutsatzen dutelako" hartu du erabakia Espainiako Gobernuak; bereziki, orain artean doan ematen zituzten poltsa txikiei eragingo die neurriak. Gobernuaren esanetan, poltsa horiek berrerabilpen tasa baxua dute, eta oso erraz barreiatzen dira lurrean, duten pisu txikiarengatik. Neurria uztailaren 1ean sartuko da indarrean.

Alabaina, hamabost mikratik beherako poltsak neurritik salbuetsi dituzte; higiene kontuak argudiatu dituzte horretarako. Isabel Garcia Tejerina ministroaren arabera, neurri horrekin plastikozko poltsen erabilera murriztu eta Frantzia eta Italiaren mailan kokatuko da Espainia. 1950eko hamarkadan hasi zen plastikoaren ekoizpen industriala, eta, ordutik, etengabe hazi da haren erabilera.

Puri-purian dagoen gaia da plastikoarena. Erabilera bakarreko plastikoen aurkako Break Free From Plastic mugimendua (Plastikoarekin hautsi) abiatu zuten duela hilabete batzuk. Mundu osoko 1.100 elkarte batu dira plastikoaren kontrako mugimendura; Euskal Herrian Greenpeace elkartea ari da kanpaina horretan, batik bat. Apirilean protestak egin zituen Greenpeacek Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko supermerkatu batzuen atarietan.

Plastikoaren arriskuez ohartarazi zuen iaz BERRIAn Nicolas Olea erradiologiako katedradunak: "Ikusi dugu umeen %100ek Bisfenol A dutela gernuan. Umeek plastikoa dute gernuan! Eta erantzun digute: «Lasai, Alemaniako umeek beste da». Beraz, Europako umeen batez bestekotik gora ez gaudenez, lasai egon behar dugu. Baina normala al da Europako umeek pixetan plastikoa botatzea?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.