Euskal presoak

Plazaola atxilotzera joan da Guardia Zibila, baina ez dute etxean topatu

Atzo Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Plazaola eta Arrospide aske uzteko Auzitegi Nazionalak abenduan hartu zuen erabakia. 

Alberto Plazaola Texeiroko (Coruña) kartzelatik atera zenean, senideak ondoan zituela. ELISEO TRIGO, EFE
Ainhoa Oiartzabal-Aitziber Laskibar Lizarribar
2015eko martxoaren 11
14:59
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak erabakia hartu eta ordu gutxira, Alberto Plazaola euskal preso ohia atxilotu eta espetxeratzeko aginduarekin joan zen Guardia Zibila atzo gauean Oñatira (Gipuzkoa). 23:00ak aldera iritsi ziren Plazaolaren etxera, baina ez zuten bertan topatu. 

Alberto Plazaolari eta Santiago Arrospideri Frantziako Estatuko espetxeetan egindako urteak Espainiako Justiziak ezarritako zigorretatik ez kentzea erabaki zuen atzo Auzitegi Gorenak, eta, horrela, atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Salako epaileek joan den abenduan harturiko erabakia; orduan, aske utzi zituzten bi euskal preso ohiak. Europak 2008an onartutako zuzentaraua ezarri zuten erabaki horrekin. 

Arrospide jada kartzelan dago. Auzitegi Nazionalak Europako Batzordearen zuzentaraua ezarrita askatu eta hilabetera, urtarrilaren 19an, atxilotu eta espetxeratu egin zuten Santiago Arrospide, Fernando Andreu epailearen aginduz. 80. hamarkadan ETAk Madrilen eta Bartzelonan egindako bi atentatutan parte hartu izana egotzita sartu zuten kartzelan.

Auzitegi Goreneko osoko bilkurak Kepa Pikabearen kasuari buruz urtarrilaren 13an hartu zuen bidea jarraitu du Gorenak Plazaola eta Arrospideren kasuetan. Hamabost epaileetatik bederatziren oniritziarekin erabaki zuen orduan Pikabearen espetxealdia ez murriztea, eta horrela, Espainiak ez zuen aintzat hartu Europako zuzentaraua

Sei epailek erabakiaren aurka bozkatu zuten. Epaia Europako zuzentarauaren izpirituaren aurkakoa zela ohartarazi zuten, Espainiako Konstituzioa bera ere urratzen zuela, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak erabakia atzera botatzeko arriskua zegoela. Auziak Parot doktrinak izan zuen amaiera bera izan zezakeela abisu eman zuten, lau boto partikular kaleratuta.

Atzokoan, boto partikular horietako bat egin zuen Joaquin Gimenez epaileak iragarri du Arrospide eta Plazaolari buruz hartu den erabakiaren aurka dagoela eta boto partikularra aurkeztuko duela kasu hauetan ere.

Erreakzioak

Sortuk salatu du, "erabaki erabat injustua" izateaz gainera, "arau europarraren aurkakoa" ere badela: "Auzitegi Gorenaren erabakiak pertsona batek delitu berberagatik bi zigor betetzea suposatzen du, lehenago Frantzian eta gero Estatu espainiarrean".

PPren "mendeku politikaren zerbitzura" harturiko erabaki judizial bat dela iritzi dio, eta ziur agertu da Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak atzera botako duela Gorenaren erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.