SANFERMINAK

'Pobre de mi' kantatuta amaitu dituzte ikurrinaren sanferminak

Gauerdian eman diote amaiera bederatzi eguneko festari. Irudi ugari utzi dituzte aurtengo sanferminek.

2013ko uztailaren 15a
12:30
Entzun

Gauerdian —eta ez 00:18ean, Enrique Maia alkateak iradoki zuen bezala— amaitu dira 2013ko sanferminak. Maia berak oroitarazi zuen atzo ordea, urteroko legez, Iruñeko udaletxeko balkoitik: "Gutxiago falta da sanferminetarako". Pobre de mi abestu, eta zapia kenduta eman zioten amaiera bederatzi egun iraun duen jaiari.

Irudi ederrak eta gogorrak utzi dituzte 2013ko sanferminek. Ikurrin erraldoi bat udaletxearen aurrean jarrita, atzerapenarekin bota zuten txupina uztailaren 6an, eta bideo batean azaldu zuten nola lortu zuten halako bandera handi bat zintzilikatzea. Dena ez zen festa izan, ordea; izan ere, ugariak izan ziren eraso sexistak txupinazoan bertan. Bi emakumek salatu dituzte sexu erasoak festetan.

Entzierroek ere une latzak utzi dituzte. Aparteko arazorik gabekoak izan ziren aurrenekoak, baina joaldun bat hil zen asteartekoan. Ostiralean, berriz, korrikalari batekin tematu zen zezenetako bat, eta hiru aldiz adarkatu zuen. Gazteak ez zuen zauri larririk izan.

Hala ere, larunbatean zezen plazarako sarreran sortutako jende oldea geldituko da 2013ko oroitzapen nagusien artean. Azpian harrapatuta gelditu ziren hainbat lagun, eta oso larri zauritu zen Gasteizko gazte bat. Onera egin du haren osasun egoerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.