2015ean 35.100 pertsona muturreko pobrezian zeudela ohartarazi du gaur goizean Patxi Tuñonek, Nafarroako Gobernuko Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari nagusiak; 2014an baino 9.000 pertsona gutxiago. Jaitsiera hori gizarteratzeko errentari dagokiola ziurtatu du, familia onuradunak ugaritu baitira: guztira 11.105 familiak jaso zuten diru laguntza iaz.
Azken urteetan lehen aldiz, gizonezko gehiago daude larrialdian (%51), emakumezko baino (%49). Tuñonek ohartarazi du ezen, pobrezia kasuak “gutxitu diren arren”, oraindik “familia gehiegi” daudela muturreko pobrezian sartzeko mugan; urtean 5.000 euro baino gutxiago jasotzen dutenak daude egoera horretan.
2012an UPN eta PSNren gobernuak gizarteratzeko errentaren erreforma egin zutenetik, asko murriztu zen laguntzen estaldura, onuradunek baldintza zorrotzagoak bete behar baitzituzten. Krisiak sortutako “arrail soziala” txikitu nahian, gobernuko lau alderdiek lege aldaketa hitzartu dute errenta berria sortzeko: bermatutako errenta. Haurrak dituzten familiak lehenetsi nahi dituzte. Maiatzaren 17an emango dituzte legearen xehetasunak.