Gutxienez 46.000 laguni eman zion zerbitzua Caritasek 2013an Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan. Benetako datua handiagoa izan daiteke; izan ere, herrialde batzuetan Caritasen bulegoetara jo duten pertsonak zenbatu dituzte, eta beste zenbaitetan pertsona horien menpean dauden senitartekoak ere hartu dituzte aintzat. Benetako kopurua 70.000 lagunetik gertu egon daiteke. Nafarroan ez dute arreta eskainitako pertsonen kopururik eman, baina esan dute biztanleen %17,2 esklusio egoeran egon daitezkeela, 110.000 lagun inguru.
Datuak gorabehera, joeretan bat datoz lau herrialdeak: pobreziak eta bazterketak bere horretan diraute; emakumeei eta familiei eragiten die batez ere; arazoa betikotzeko arrisku handia dago, egoera horretan bost urte baino gehiago eman dutenen kopurua asko handitu delako; eta laguntza behar dutenen artean gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian jaiotakoak, ia-ia etorkinen kopuruen pare iristeraino.