Krisi ekonomiak gizartearen sektore gehienetan eragin duen arren, 15 urte baino gutxiagoko haurrengan berebiziko eragina izan duela jakinarazi du EAEko Arartekoak. Krisia umeengan izaten ari den eragina ikertu du, baita emaitza adierazgarriak lortu ere. Pobrezia larria pairatzeko arriskuan zeuden umeen kopurua ia bikoiztu egin da lau urtean, Iñigo Lamarca arartekoak azaldutakoaren arabera; 2008an, haurren %3,5 zeuden egoera horretan, eta 2012an, %6,2. Pobrezia erlatiboa jasateko arriskuan dauden umeak %16,1 ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, ehun umetik hamasei. Halaber, 35.000 ume bizi dira oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak dituzten familietan.
Arartekoak jakinarazi du adingabeak dituzten familia eredu batzuek arrisku berezia dutela. 35 urtetik beherako burua duten familiek, kualifikazio baxuko burua duten familiek, atzerriko nazionalitatea duen pertsona baten mendeko familiek eta guraso bakarreko familiek arrisku gehiago dute pobrezia pairatzeko. Guraso bakarreko familien kasuan, guraso hori ama dela gogorarazi du Lamarcak, eta krisia emakumeengan bereziki eragiten ari dela nabarmendu.
EAEko politika publikoak beste lekuetakoak baino hobeak direla aitortu arren, “eraginkorragoak” izan beharko luketela zehaztu du, babesik gabe eta arriskuan dauden adingabeen kopurua gora egiten ari dela ikusita.