POBREZIAREN NAZIOARTEKO EGUNA. Gutxitzen ez den zama

Bihar ospatuko da Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna; pobrezia eta bazterketa soziala salatuko dituzte mobilizazioetan

mikel rodriguez
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian, hileko 1.069 euroan dago pobrezia muga, Elkartzen taldeak egindako kalkuluen arabera. 890.000 dira hilabete bukaerara larri heltzen diren familiak, Eusko Jaurlaritzako datuen arabera. Guztira, EAEko biztanleriaren %11,5 dago pobrezian murgiltzeko arriskuan. Harago joanez gero, Eustaten arabera, 170.857 lagunek urtean 6.000 euro edo gutxiagoko diru sarrera dute bizitzeko. Zifra horiek lagin adierazgarria dira pobreziak Euskal Herrian duen presentzia agerikoaz ohartzeko. Nazioartean ere, lepo beretik burua. Boteretsuenen ekimen ezari krisialdi ekonomikoa gehitu zaio. Pobreziaren zama gutxitzeko ezer gutxi egin dela ikusita, eragile anitz kalera aterako dira bihar Euskal Herri osoan, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira.

Egun hori izanen da Pobreziaren Aurkako Astearen bukaera. Azken egun hauetan ere ekitaldi anitz egin dituzte pobrezia eta bazterketa soziala salatzeko: hitzaldiak, tailerrak, mahai-inguruak, antzerki emanaldiak... Izaera anitzeko erakundeek -sindikatuek, kultur taldeek, GKE gobernuz kanpoko erakundeek...- antolatu dituzte ekimen horiek, eta haietariko anitz Zero Pobrezia plataforman bildu dira.

Gasteizen eta Iruñean, gaur eguerdian eginen dituzte ekitaldi nagusiak. Bilbon eta Donostian, berriz, bihar. Gasteizen, Probintzia plazatik abiatuta, Bizi-martxa antolatu dute, Gure pobrezia ezagutuz lelopean. Iruñean, Gazteluko plazan giza dominoa eginen dute, eta, ondoren, manifestu bat irakurriko dute. Biharko, Bilbon, Arriagan elkarretaratzera deitu dute, eta Donostian, Gasteizen bezala, Bizi-martxa eginen dute, Bulebarretik abiatuta.

Erruduna, sistema kapitalista

Zero Pobrezian bildu diren eragileek salatu dute «egungo sistema ekonomiko kapitalista eta patriarkala» dela pobreziaren eragilea. Eredu horri aurka egiteko bidea «deshazkundea» dela aldarrikatu dute. «Epe gutxirako onura ekonomikoa bilatu eta eragin ekologikoa handitzen duten jarduera ekonomikoak gutxitu behar ditugu, eta gizartearen beharrizanei eta ingurumenari lotutakoak areagotu. Gutxiago lan egin eta kontsumitu, lana banatu...». Eragileen aburuz, «gainezka egin duen ibaia bere bidera bueltatzean datza» deshazkundea.



Jangela «ekonomiko» bat irekiko dute etzi Barakaldon

Caritasek eta Antonio Menchaca de la Bodega elkarteak jangela «ekonomiko» bat zabalduko dute etzi Barakaldon (Bizkaia). Egunean euro bat pagatuta emango diete jatordua hara joandakoei. Caritasek edo gizarte zerbitzuek emandako txartel bat beharko da jantokira joateko. Ehun pertsonarentzat dago tokia.





890.000

Hilabete amaierara justu heltzen direnak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egoera ekonomiko kolokakoan egon eta hilabetearen amaierara larri antzean heltzen direnak 890.000 inguru badira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak emandako datua da.





%70

Lanbide arteko gutxieneko soldatatik behera jasotzen duten alargunak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamar alargunetatik zazpik ez dute lanbide arteko gutxieneko soldatan ezarritakoa bezainbat diru jasotzen. Hilean 633 euroan dago gutxienekoa.





%57

Hegoaldean pobreziaren mugatik beherakoa jasotzen duten pentsiodunak. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen %57k pobreziaren mugakoa baino gutxiago kobratzen dute. Hegoaldean, hileko 1.069 euroan jartzen du pobreziaren muga Elkartzenek.





Elikagai bankuetan lan igoera «nabarmena» igarri dute

Beharrean daudenentzako elikagaiak banatzen dihardute elikagai bankuek. Soberakinak, iraungitze data gainditzear duten produktuak eta fabrikek salgai jartzen ez dituzten ekoizpenak banatzen dituzte. «Nabarmen» igarri dute eskari gehiago jasotzen ari direla azken urte hauetan. Jose Antonio Olabarriak eta Javier Agirregabiriak,esaterako, Gipuzkoako Elikagaien Bankuan dihardute. «Logistika lan handia da». 190 erakunderi banatzen dizkiete egun elikagaiak eta pentsatzen dute horiei esker 15.000 lagunek jaten dutela. Erakunde gehienek azkenaldian argi utzi diete premia handiagoak dituztela asetzeko: «Heltzen dira, eta esaten digute egunez egun jende gehiago dutela».





Pobreziaren Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusiak

Gasteiz. Bizi-martxa, Probintzia plazatik abiatuta. Gaur, 13:00etan.

Iruñea. Giza dominoa eta manifestuaren irakurketa Gazteluko plazan. Gaur, 14:00etan.

Donostia. Bizi-martxa, Bulebarretik abiatuta. Bihar, 12:00etan.

Bilbo. Arriagan. Bihar, 13:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.