Aldapa gogorraren bazterrean dago Emausek Donostiako Loiola auzoan duen bergizarteratze zentroa. Hara laguntza eske joandakoen metafora dirudi: malda gogorra igo behar, bizitza berriz ere ordekan paratzeko. Veronica duela sei hilabete ailegatu zen Loiolara. Ez zuen lanik, eta etxebizitza aurkitzeko arazoak zituen. «Lur jota zaudenean, ez da zaila norbaitengana laguntza eske jotzea», dio Veronicak. Bazterkeria, egoera ekonomiko txarra eta, oro har, aitzinera egiteko zailtasunak ez dira urrutiko kontuak harentzat. «Pobrezia ez da hirugarren munduko arazoa bakarrik; hemen ere badago nahikoa».
Zailtasunak zituenean, Veronicak Ordiziako (Gipuzkoa) gizarte hezitzaile batengana jo zuen laguntza eske. «Ez dut inoiz lorik egin kalean, baina leku finkorik gabe nintzen». Haren bidez sartu zen Emausen bergizarteratze planean. Ategorrietako aterpetxean (Donostia) egon zen, Loiolako zentroan tokia eskuratu zuen arte. «Hemen denetariko prestakuntza ematen digute -informatika, sukaldaritza...-, eta tailerrak ere izaten ditugu. Garbiketarako eta sukalderako txandak bete behar ditugu, denbora librerako tartea dugu, eta, oro har, ordutegiak bete behar ditugu, leku guztietan bezala». Orain, etorkizuna «ongi» ikusten du Veronicak. «Hemen zerbait bilatzen lagundu gaitzaketen lan teknikariak ditugu. Oraindik lan talde profesionalaren laguntza behar dut, baina egonkortuago nago orain».
Loiolako zentroaren erabiltzaileen ezaugarriak askotarikoak dira, Alex Eizagirre gizarte hezitzaileak dioenez. «Gizarte bazterketa jasan edo jasateko arriskuan» dagoen edonorentzat da, eta helburua «bergizarteratzea» da. Krisi ekonomikoak ez du erabiltzaileen kopurua igoarazi, zentroa «beti beteta» egon baita. Pobrezia lehenengo munduan ere gaitz endemikoa den seinale. M. R.
POBREZIAREN NAZIOARTEKO EGUNA. «Pobrezia ez da hirugarren munduko arazoa bakarrik; hemen ere badago nahikoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu