«Politika, azkenean, erdi antzerkia da»

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren immobilismoak prozesua blokea dezakeela uste du, baina euskal gizarteak mugiaraziko duen itxaropena dauka. Hurrengo urratsaoso argi dauka: «Ez da posible normalizazio politikora iristea 700 preso politikorekin».

PP ez beste alderdi guztiak ados jarri zareten gai bat bakearen batzorde txostengilea izan da. Erraza izan al da, edo sukaldeko lan handia egon da?

Sukaldeko lana egon da. Gai konplikatuak dira, eta sukaldeko lana egin behar izan da. Baina uste dut ez dela horren zaila izan. Azkenean, guztiok apustua egiten baldin badugu etorkizun baketsu eta normalizatu baten alde, halako gauzak ateratzen dira. PPk ez du bat egin gurekin, baina kontra-kontra ere ez da jarri. Uste dut badagoela interpretazio pixka bat. Azkenean, norberak bere papera bete behar du. Politika, sarritan, erdi antzerkia da.

Zeu izango zara Bilduren ordezkaria batzorde txostengile horretan. Zein helbururekin zoaz?

Apustu garbia egin genuen Gernikako Akordioan eta Aieteko Deklarazioan. Hori da gure apustua, eta horri eutsiko diogu Batzar Nagusietan ere. Gu borondate on guztiarekin goaz, tinko defendatzera gure herriak etorkizun baketsu eta normalizatu bat merezi duela. Gure herriak badituela arazoak, baina arazo horiei aurre egin behar diegula guztion artean. Borondate argiarekin joango gara.

Sorturen legeztatzea eta D3Mko auzipetuen absoluzioa izan dira albiste aste honetan. Bakebidean urrats gisara hartu behar da?

Bi berri on izan ditugu. D3Mrena nabaria zen, eta agerian uzten du beste epaiketa politiko batzuetan eman diren sententziak erabat injustuak direla; Bateragunekoa, adibidez. Gero, Sorturen legeztatzea dago. Hori ezinbestekoa zela uste dut, euskal gizarteak ez lukeela onartuko beste era bateko epairik gauden egoera politikoan. Euskal gizarteak Sortu nahi du, eta behar du, eta kontra dabiltzanak gizartearen kontra doaz.

Erabaki hauek estatuaren keinu gisara hartu behar dira, edo auzitegietako kontua izan dira?

Oso zaila da interpretatzea estatuaren indarren arteko harremana zein den une bakoitzean. Ezin da esan momentu honetan estatuak apustu bat egin duela, eta ezta estatuak nahi ez zuen arren sei epailek erabaki dutela ere. Mundu ilun horren barruan zer gertatzen den eta zer tentsio eta botereen arteko harremanak nola kudeatzen dituzten jakitea oso zaila da.

Gobernutik erabakiaren kontrako adierazpenak egin dituzte. Fernandez Diaz Barne ministroak onartuko duela esan du, baina ez dagoela ados.

Guk PP legezko izatea onartzen dugun moduan.

Zu independente gisa aurkeztu zinen Bilduren zerrendetan. Afiliatuko al zara Sortun?

[Pentsakor] Momentu honetan Gipuzkoako ahaldun nagusia naiz, eta ez dut uste horrelako erabaki bat hartu behar dudanik bat-batean. Baina etorkizunean ni Sortun izango naiz.

Prozesuak aurrera egiteko, zeinek egin behar luke hurrengo urratsa?

Argi dago. Ez da posible normalizazio politikora iristea espetxean 700 preso politiko dauzkagula. Hori gure gizarteak ez du onartzen. Munduko inongo herrialdetan ez da halakorik gertatu. Normalizazio politikoa nahi baldin badugu, euskal jendartea normalizatzeko preso politikorik ez da egon behar. Eta hori, Espainiako gobernuari dagokio.

EPPK-k urrats batzuk egin ditu. Zure ustez nahikoa dira?

Bai. Ez bakarrik kolektiboak, ETA erakundeak aurrerapausoak eman ditu, ezker abertzaleak aurrerapausoak eman ditu, beste hainbat alderdik aurrerapausoak eman dituzte, nazioarteko adituak etorri dira aurrerapauso horiek bultzatzeko eta animatzeko... eta espainiar gobernua ez da batere mugitu. Hori da momentu honetan blokeo arriskua sortzen duen elementua.

Nola mugiaraz daiteke?

Euskal jendarteak badauka tresna nahikoa, imajinazio nahikoa eta gogo nahikoa mugiarazteko. PPri oso deserosoaegin behar zaio immobilismo horretan jarraitzea. Eta nazioarteko komunitateak ere eskatu egingo dio aurrerapausoak emateko.

Nazioarteko komunitateaz ari zarela, Brian Currinek Gazta zati bat dokumentalaren aurkezpenean esan zuen ez duela ulertzen alderdiak zergatik ari diren orain ETAren erabakiaren aurretik baino gutxiago hitz egiten. Hasi al zarete edo hasi al dira?

Kontuan hartu hauteskundeak datozela eta horrek dena baldintzatzen duela. Datozen hauteskundeak oso inportanteak izango dira, jakiteko indar korrelazioa zein den EAEn eta zeinek daraman lidergoa. Nik uste dut EH Bilduk eramango duela. Baina hori argitu arte gaitza da egiten ari diren elkarrizketak publiko egitea.

Beraz, badira?

Uste dut inoiz ez direla eten.

Bildurekin hasi zen olatuak eta Amaiurrekin jarraitu zuenak EH Bildurekin ere eutsi egingo diola uste duzu, beraz?

Nik uste dut baietz. Euskal jendarteak estimatzen du egiten ari garen lana. Behar du aldaketa bat izatea euskal politikan. Ikusi dugu zein politikek ekarri gaituzten gaur egungo krisi latz honetara, eta nik uste dut gehiengoak ez duela hori berriz gertatzerik nahi. Aldaketarako EH Bildu da gaur egun formularik egokiena. EAJ, PSE eta PP ez dira aldaketa. Horiek ezagutzen ditugu, eta honaino ekarri gaituzte.

Gipuzkoakoa ikusita, jo dezagun legebiltzarrean ere antzeko egoera gertatzen dela. Hiru alderdi horiek gai ikusten dituzu bat egiteko, EH Bildu boterean egon ez dadin? Edo asko aurreratzea da?

Asko aurreratzea da, bai. Baina ez lukete erraz izango esplikazioa. Zerk batzen ditu EAJ, PSE-EE eta PP? EH Bilduri atea ixteak? Hori da gobernu programa bat? Oso esplikazio kaskarra izango luke.

Elkarrizketaren bideoa hemen ikusgai:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.