Kezkatuta egoteko arrazoi ugari dituzte politikariek. Hauteskundeetan ematen diren abstentzio zifra handiak eta azken urteetako inkestak agerian uzten ari dira gizarteak politikarekikoduen atxikimendu maila nabarmen murrizten ari dela urterik urte. «Gizarteak, oro har, ez du fede handirik politikan eta politikariengan. Nahiz eta politikan ari direnak gizartearen gainean erantzukizun handia izan, gizarte zibila ez da politikan inplikatzen, eta, ondorioz, ezta emakumeak ere», dio Ainhoa Larrañaga soziologo eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko irakasleak. Eusko Jaurlaritzak azaroan kaleratutako inkesta bat eskuetan duela erantzun dio BERRIAri. Ikerketa horren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizon eta emakumeen %75ek ez dute konfiantzarik alderdi politikoetan.
Genero ikuspuntuan oinarrituta, politikarekiko interesa, sozializazioa, parte-hartze politikoa eta hauteskunde portaera ikertu ditu Lehendakaritzako ikerketa soziologikoetarako kabineteak. Inkesta horretan ikus daitekeenez, azken bost urteetan politikarekiko interesa jaitsiz joan da, eta neurri handiagoan gizonen artean. Hala ere, ikerketaren egileek beste datu bat nabarmendu dute: «Politikarekiko interesa eta albiste politikoen jarraipena oraindik ere txikiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino».
Larrañaga kritiko azaldu da baieztapen horrekin. «Topiko bat baieztatu nahi dutela dirudi». Ainhoa Novo EHU Euskal Herriko Unibertsitateko zientzia politikoetako irakasle eta genero gaietan adituak ere ñabardura bat erantsi nahi izan dio ondorio horri: «Emakumeek ez dute gizonek baino atxikimendu gutxiago. Emakumeek erakutsi dute politikari buruzko informazioa dutela gai konkretuez galdetu dietenean, baina ez galdera orokorra egin dietenean, hau da, politikarako interes maila zuzenean galdetu zaienean». Eta honako hau gaineratu du Larrañagak: «Emakumeok gizonezkoek bezain ondo edo hobeto ulertzen dugu politika. Beste kontu bat da historikoki barneratu arazi zaigun gutxiagotasun sentimendua; eta inkestetan emaitza horiek azaltzen dira».
Jaurlaritzaren ikerketaren arabera, emakumeek diote gizonek baino okerrago ulertzen dituztela politika gaiak: %17k ondo ulertzen dituzte, eta %39k hala-hola;gizonen artean, berriz, %32k eta %34k, hurrenez hurren. Hala ere, politikarekiko oso edo nahikoa interesaturik dauden emakumeek baldintza beretan dauden gizonek beste edo hobeto ulertzen dituzte politika gaiak. Larrañagak bezala, Novok ere uste du «genero rolak» eragin zuzena izan duela hainbat emakumeren erantzunetan. «Interesik ez dutela esaten duten arren, egunero informatzen direla dioten emakumeen ehunekoa altua da, gizonen parekoa», nabarmendu du Novok.
Ardatz ideologikoa
Oro har, alderdi politikoekiko konfiantza berdintsua da emakumeen eta gizonen artean, eta adina igo ahala, alderdi politikoenganako konfiantza igotzen da bai emakumeen bai gizonen artean. Era berean, politikarekiko interesa igo ahala, alderdi politikoenganako konfiantza ere igotzen da. Azken joera hori nabarmenagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.
EAEko emakumeak ardatz ideologikoaren zentro-ezkerrean kokatzen direla jaso dute, halaber, inkestan. Eta gizonak oraindik pixka bat ezkertiarragoak direla dio. Tartea, baina, oso txikia dela nabarmendu du Novok.
Inkestaren arabera, adibidez, emakume gazteak dira ardatzean ezkerrerago kokatu direnak, eta64 urtez gorakoak, berriz, eskuinerago kokatu direnak. Larrañagaren aburuz, generazio ezberdinek bizi izandakoa islatzen du horrek.
Abertzaletasun sentimenduari dagokionez, berriz, ez da generoaren araberako alderik antzematen. Adin tarteari erreparatuz gero, 64 urtez gorako emakumeak euren adineko gizonak baino abertzaleagoak dira. 35 eta 65 urte artean, berriz, abertzaletasuna altuagoa da gizonen artean emakumeen artean baino. Politikarekiko interesa gehitu ahala, abertzaletasuna handitu egiten da bi generoetan.
Azkenik, emakumeak gizonak baino gehiago joaten dira botoa ematera, eta euren botoa «leialagoa» izaten dela dio ikerketak. Ondorio horrekin «harrituta» agertu da Larrañaga. «Emakumeok ideiekiko atxikimendu handia izan dezakegu, baina ez dut ikusten zertan islatu behar duen honek botoarekiko leialtasunean. Emakumeek politika urrun bizi badute, normala iruditzen zait botoa aldatu beharrik ez ikustea».
Balioetan hezi
«Orain Unibertsitatean inoiz baino emakume gehiago dago, eta ikusiko da ia honek eraginik edota ondoriorik izaten duen gizartean eta emakumeek politikan beteko duten postuetan», dio Larrañagak. Antzeko iritzia dauka Novok: «Emakumeak lan produktiboan murgiltzean, bere autonomia ekonomikoa gizonezkoen parean jartzean eta hainbat ekintzatan denbora banatzeko era berdintzean interes politiko maila berdindu egingo litzateke», azaldu du.
Bi irakasleen arabera, berdintasun balioetan hezi behar da. «Argi dago oraindik ere emakumeen eta gizonezkoen sozializazio prozesua oso ezberdina dela. Egun oraindik balio ekologistak feministak baino gehiago lantzen dira ikastetxeetan, eta familian ere zaintza lana eta gisa horretako ardurak emakumeei ematen zaizkie», adierazi du Novok. Iritzi horrekin bat dator Larrañaga. «Erabaki guneetatik urrun kokatu izan ditu hezkuntzak emakumeak, eta politika erabaki gune indartsua da».
Biek ala biek uste dute hezkuntza prozesuan berdintasun balioak zabaldu behar direla, bai eskolan bai familian. Era berean, alderdi politikoen egituran eta funtzionamenduan aldaketa sakonak behar direla nabarmendu dute. Novoren ustez, emakumeak zuzendaritza karguetan egoteak eta ereduak eraikitzeak asko erraztuko luke prozesu hori. «Gizonezkoak dira oraindik ere gehiengoa politikan, eta emakumea ez da identifikatuta sentitzen. Eta sarritan emakume politikariek ere rol edo politika egiteko modu hori berenganatu dute», gaineratu du Larrañagak.
EMAKUMEAK ETA POLITIKA. EUSKO JAURLARITZAREN TXOSTENA
Politika, emakumeen begietan
Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera, politikarekiko interesa txikiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino. Hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %75ek ez dute konfiantzarik alderdi politikoetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu