Solasaldia

Politikariak kezkatuta azaldu dira gazteek etorkinekiko duten iritziarengatik

Mikel Arana (EB-Berdeak), Pernando Barrena (Batasuna), Ramon Etxezarreta (PSE-EE) Xabin Intxaurraga (EA) eta Markel Olano (EAJ) kezkatuta azaldu dira EAEko gazteek etorkinen inguruan azaldu duten iritziarekin. Izan ere 2000 urtean baino tolerantzia gutxiago agertu dute immigrazioarekiko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte arteko gazteek. 'Euskadiko Gazteak 2004' azterketa lana egin du Eusko Jaurlaritzaren Euskal Gazteen Behatokiak, eta emaitzen arabera, gazteen%24k etorkin gehiegi daudela diote .

2004ko azaroaren 26a
16:35
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoan atzerritar gehiegi dagoela pentsatzen duten gazteen kopurua bikoiztu egin da azken lau urteotan; egun, %24 dira. Gazte gehienentzat asko dira hemen bizi diren atzerritarrak, baina %61ek gehiegi ez direla uste dute. Hala azaldu zuten Eusko Jaurlaritzaren Euskal Gazteen Behatokiak egindako Euskadiko Gazteak 2004 azterketa lanak.

Mikel Arana (EB-Berdeak), Pernando Barrena (Batasuna), Ramon Etxezarreta (PSE-EE) Xabin Intxaurraga (EA), eta Markel Olano (EAJ) Euskadi Irratiko solasaldian izan dira gaur goizean, ostiralero bezala, eta denak, kezkatuta azaldu dira gazteen jarrera ikusita. Gainera, gehienen ustez, gazteekin "jarrera paternalistaegia" dago, baina, gazteak gizartearen ispilu dira, eta iritzi hori gizarte osoaren iritzi bezala aztertu behar da.



EAko Xabin Intxaurragak esan duenez, "gazteak eroso bizi dira, eta horren lekuko dira atzoko azterketaren emaitzak". Etorkinei buruzko iritzia "datu kezkagarria" dela iritzi dio. "Euskal Herritarrok askotan alde egin behar izan dugu gure etxeetatik, bai ekomonia kontuengatik eta baita politika kontuengatik ere". Hori horrela, "geuk egin duguna" besteei ezin zaiela galerazi iritzita, "etorkinei buruz beste ikuspegi bat izan behar genuke" Intxaurragaren iritzian.

"Zerbaitek huts egiten du" Batasunako Pernando Barrenaren iritzian. "Gazteek horrela pentsatzen badute, gizarteko jarrera baten isla da, gazteak ez daude uharte batean. Hori da kezkagarriena, gizartearen pentsamendua dela". Emaitza horien arabera, "ez gara uste genuen bezain irekiak", eta gainera "esker txarrekoak gara" Barrenaren ustez. "Horrenbestetan kanpora joan behar izan duen herri batek hori pentsatzea oso kezkagarria da".

Etorkinen gaian, "dena egin da gaizki" EB-Berdeetako Mikel Aranaren iritzian. "PPren etorkinen inguruko politikak dira honen erantzule nagusiak". Aranaren iritzian, kontutan hartu beharreko bi faktore daude: etorkin gehiago ikustea bata, eta urteetan jaso dugun informazioa bestea. Aranaren iritzian, informazio kaltegarria zabaldu da azken urteetan, "etorkinek etorrera kriminalizazioarekin nahatea", hain zuzen ere. "Etorkinak nola gelditu izan da eztabaida. Lan garrantzitsua dago egiteko interkulturalitatean etabar jendea sentsibilizatzeko". Aranak dio, etorkinak etortzea ez dela txarra jakin behar dela, alderantziz, ona dela.

EAJko Markel Olanoren ustez ere, "gizarteak enfoke problema larriak ditu". Esan duenez, "inmigrazioa azken urteetan hemen izan da, ez da berria. Lurralde bezala, beste lekuetatik etorritako jendea integratzeko ahalegin handia egin dela uste dut. Hortik ikasi behar dugu, eta gaizki egindakotik ere bai". Azpimarratu duenez, gaia ondo ez enfokatzeagatik etorri da arazoa. "Munduan zehar zer egiten den ikasi beharra daukagu".

Giza eskubideen baitan kokatu behar da etorkinen gaia PSE-EEko Ramon Etxezarretaren iritzian. Hark esan duenez, gaia beste era batetara formulatu beharko litzateke. "Nik ez nuke nahi, inon, euskalduna izateagatik bakarrik eskubideak mugatuta edukitzea. Nik mundu osoan zehar zirkulatzeko eskubidea nahi dut, giza eskubide bezala. Bertakoak eta kanpoak planteamendutik abiatzen bagara, dagoeneko banaketa dago, eta pertsona guztiok, pertsona bezela izan behar genituzke eskubideak".Gaiak kezka handia sortu beharko lukeela azpimarratu du: "leku aldatze eskubidea ez edukitzea oso larria da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.