Aurretik doa euskal gizartea. “Eremu politikoan edo komunikabideetako titularretan baino askoz aurrerago”. Lokarriren arabera, bizikidetza egunez egun “errotzen” ari da Euskal Herriko herri eta auzoetan; hala frogatu dute sareko kideek urtarriletik hona egin dituzten solasaldi eta mahai inguruetan. 800 lagun inguruk parte hartu dute Hitzorduak deituriko programan, eta balorazio “zinez positiboa” egin dute. Lokarriko kidek azaldu dutenez, agerian utzi dute “desberdinarekiko eta aniztasunarekiko errespetuan” eta “elkarrizketan, elkar-entzutean eta enpatian” oinarritutako bizikidetza posible dela. “Eta jada sozialki errotzen ari dela”. "Orain da hitz egiteko, entzuteko eta parte hartzeko ordua", azpimarratu dute.
Hala mintzatu da Maialen Lizarralde Lokarriko kidea, Donostian eginiko agerraldi batean. Lizarraldek azaldu du mahai inguruetan parte hartu duten hizlarien artean egon direla esparru akademiko eta profesional ezberdinetako adituak, bake prozesuaren inguruan lanean ari diren taldeen ordezkariak eta indarkeria eta giza eskubideen urraketen ondorioak zuzenean jasan dituzten pertsonak.
Esperientziak iraun duen sei hilabeteetan, une “magikoak” bizi izan direla azpimarratu du Lizarraldek. Hala nola, ETAren biktimek beren esperientzia partekatu ahal izan dutela polizia gehiegikeriaren biktima izan direnekin; GALen biktima baten senide batek barkamen hitzak entzun ahal izan dituela erakunde parapolizial horren gehienezko jarduera garaietan kargu politiko garantzitsu bat zuen pertsona baten ahotik; eta tortura sufritutako pertsona batzuek Ertzaintzaren ordezkariekin hitz egin ahal izan dutela.
“Hitz politikak, baina ekintza gutxi”
Mahai inguruetatik ateratako ondorioekin txosten bat kaleratu du Lokarrik, eta gaur aurkeztu dute hizlari horietako biren parte hartzearekin: Gorka Landaburu ETAren atentatu baten biktima izandakoarekin eta Pili Zabala GALek torturatu eta hildako Joxi Zabalaren ahizparekin. Mintegian izandako esperientziaren berri eman eta gisa horretako ekimenen beharra azpimarratu dute biek. Bereziki, eragile politikoentzako mezuak izan dituzte. Bizikitzaren eta akordioaren bidean urratsak egiteko eskatu diete. “Hitz politak bai, baina ekintza gutxi ikusten dut”, salatu du Zabalak. “Kongresu eta adierazpenak baino, garrantzia handiagoa dute keinuek, eguneroko keinuek”, azpimarratu du Landaburuk.