Eusko Legebiltzarrak euskal politikarien eta kargudun publikoen estatutua aldatzeko proposamena onartu du gaur. Hala, urte eta erdiko eztabaiden eta negoziazioen ondoren, bertan behera geratuko dira Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiek eta sailburuorde ohiek zituzten pribilegioak, eta legebiltzarkideen egoera beste langileen maila berean kokatuko da. Gaur gauzatu den akordioa Aralarrek legegintzaldi hasieran aurkeztu zuen ekimenari jarraituz lortu da.
Akordioak, besteak beste, bi puntu garrantzitsu jasotzen ditu: aurrerantzean, sailburu ohiek eta sailburuorde ohiek ez dute bizi guztirako pentsiorik kobratuko; bestalde, inoiz pribilegiorik izan ez duten legebiltzarkideen lan egoera Gizarte Segurantzan izena emanda dauden gainontzeko langileen egoerarekin parekatuko da.
Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek poza adierazi du lortutako akordioaren harira, eta iragarri du “lanean tinko jarraitzeko asmoa” dutela, esaterako, "funtzio publikora itzultzen diren politikarien pribilegioak ezabatzeko”.
Hala ere, EAJk eta PSE-EEk ebazpenean sartutako puntu baten arabera, legea aldatzen denean —oraindik ez da aldatu—, 60 urte beteak dituzten sailburuorde ohiek Gizarte Segurantzak ematen duen gehiengo pentsioa kobratu ahal izango dute.