CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako kideek ez dutela politikaririk espiatu esan du Felix Sanz Roldan CNIko zuzendariak. Sanz Roldanek agerraldia egin du gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan, Sekretu Ofizialen Batzordean, zerbitzu sekretuen jarduna azaltzeko. Efe berri agentziak zabaldutakoaren arabera, han esan du CNIko agenteak ez direla “ehizara” ateratzen eta ez dutela “bidezidorrik” erabiltzen beraien lana egiteko. “Irmo” ukatu du, halaber, CNIk politikariak eta enpresaburuak espiatu dituenik.
Asteburuan, CNIk ezker abertzaleko buruzagiak "etengabe" zelatatzen dituela argitaratu zuen El Pais egunkariak. Ezker abertzaleak azalpenak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, baina Amaiurrek ezin izan du Sekretu Ofizialen Batzordean parte hartu, PPk galarazi egin ziolako bertan parte hartzeari, Kataluniako ERC alderdiari eta beste sei talderi bezala.
Kongresuko iturriak aipatuz Efe berri agentziak zabaldu duenez, Sanz Roldanek esan du CNIk espiatu dituen komunikazio “gutziak” baimen judizialarekin egindak direla eta “behar bezala” arrazoituak daudela.
Sanz Roldanen azalpenak sekretuak badira ere, Jesus Posada Diputatuen Kongresuko presidentea pozik agertu da, eta orain "lasaiago" dagoela esan du. Antzera mintzatu dira PP, PSOE, IU eta UPDko bozeramaileak. EAJko Aitor Estebanek ez du azalpenik eman nahi izan, beti ere Efe-ren arabera.