Akusazioen eguna izan zen atzokoa, berek proposatutako perituek baino ez baitzuten deklaratu: hiru polizia, bost guardia zibil. Funtsean, EHAK alderdia Batasunaren aginduetara aritu dela, bere egoitzak Batasunaren zerbitzura jarri zituela eta Batasuneko kideentzat diru iturri garrantzitsua izan dela erakusten saiatu ziren fiskala eta Estatuaren abokatua, polizi perituen lekukotzen bidez. Kepa Landa abokatuak, hainbat alditan, zalantzan jarri zuen poliziak eta guardia zibilak peritutzat har daitezkeenik. Hortaz, idatzizko alegazioetan inpugnatu egin zituen guztiak.
Perituek ez zuten, funtsean, ezer berririk azaldu. Izan ere, Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak EHAK legez kanporatzea eskatzean aurkeztutako polizi txostenetako eduki ezagunak berretsi zituzten: besteak beste, Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak EHAKren Usurbilgo (Gipuzkoa) egoitzan biltzen zirela, eta haietako batzuek lantokitzat zutela egoitza hura; EHAK-k Batasuneko hainbat kideri lan kontratua egin ziela, haien artean Mahai Nazionaleko hamalau kideri; EHAK-k, EAE-ANVk eta Batasunak diru kutxa bakarrarekin funtzionatzen zutela adierazten duten agiriak topatu zituztela Usurbilgo egoitzan;Juan Joxe Petrikorena Batasuneko Komunikazio arduradunak telefonozko mezuen bidez aginduak ematen zizkiola EHAK-ko Komunikazio arduradunari, Peio Galvezi; Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkideak Batasuneko Mahai Nazionalaren bilera batean parte hartu zuela; edota EHAK-k AHTren aurka egindako ekimenak ezker abertzaleko irizpideei jarraituz egin zituela.
Euskal Herrian AHTren proiektuaren aurka dauden talde guztiak ez direla ezker abertzalekoak argitu zion epaimahaiari lehenengo perituak, 19.242 zenbakiarekin identifikatutako poliziak. Baina, gaineratu zuenez, talde batzuek ezker abertzalearen irizpideen arabera jokatu dutela nabarmena da. Orduan, AHTri buruz aritzean EHAK-ko legebiltzarkideek Batasunekoen antzeko hitzak erabili ote dituzten galdetu zion Estatuaren Abokatuak, baina garrantzitsuena hori ez zela erantzun zion perituak: «Nik neuk ere berek bezala hitz egiten dut batzuetan», aitortu zuen. Perituak azaldu zuenez, askoz esanguratsuagoa da Ekinen agiri batean «une jakin batetik aurrera» ezker abertzaleko egitura guztiek AHTren aurka agertu behar zutela esatea, eta handik gutxira horixe gertatzea: «Aurrena Batasuna, gero Segi, ondoren LAB eta beste guztiak».
ORDAINKETAK. Lehenengo perituari galderarik ez zioten egin EHAK-ko abokatuek, baina bai gainerakoei: beste bi polizia eta bost guardia zibilei. Landa abokatuak, ikerketa ekonomikoari buruzko azalpenak eman zituzten perituei egindako galderen bidez, haien baieztapenak aztertutako dokumentuetan oinarririk ez zutela erakutsi zuen hainbat alditan. Esate batera, Batasunak prentsaurrekoak emateko erabiltzen zituen aretoen alokairua EHAK-k ordaintzen zituela frogatutzat eman zuten perituek, baina gero aitortu zuten EHAKren kontabilitatean ez dela halakorik ageri, ordainketak egin zituela frogatzen duen «datu konkreturik» ez dutela, berek ateratako ondorioa dela, Batasuneko kideen fakturak EHAKren karpetan atzeman zituztelako.
EHAKri buruzko bigarren auzi saioa gaur arratsaldean egingo dute Auzitegi Gorenean, akusazioen lekukoen testigantzekin. Baina goizean, 10:00etan, EAE-ANVri buruzko auzi saioak hasiko dira.
Guardia Zibilaren zantzu «erabatobjektiboak» eta irakurketa «logikoak»
Fiskalak hala eskatuta, Guardia Zib ileko Informazio Zerbitzuek lana nola egiten duten azaldu zuen perituetako batek, EHAKri buruzko txostenak egin dituen guardia zibil taldeko arduradunak, power point programaren bidez epaimahaiari erakutsitako eskema batzuen laguntzarekin.«Nor gara?» izenburua zuen horma-irudia baliatuta, Guardia Zibileko Informazio Zerbitzuetan lan egiten duten guztiak «informazioaren espezialistak» direla azaldu zuen, Guardia Zibilaren Akademian «inteligentzia zikloetan» ikasitakoak. «Analisi iraunkorreko prozesuak» dituzte metodo nagusi -«batidora esaten diogu»-, eta erabakiak «eztabaidaren bitartez» hartzen dituzte: «Inork ez du arrazoi». Datuak aztertu ondoren, «zantzu erabat objektiboetara» ailegatzen dira, eta, gero, «logikan eta eskarmentuan» oinarritutako irakurketa egiten dute. Perituaren arabera, Israelgo informazio zerbitzuen (Mossad) oso antzera jokatzen dute Guardia Zibileko Informazio Zerbitzuetakoek.
EHAKri buruzko ikerketan 28 guardia zibilek parte hartu zutela eta, besteak beste, 12.000 dokumentu eta 594 kontu korronte aztertu dituztela azaldu zuen. Eta, eskura duten informazio zabalaren erakusgarri, Aukera Guztiak hautes elkartea hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko abala eman zuten milaka herritarren sinadurak ere aztertuta dituztela esan zuen.