Idoya Iragorri, Irati Mujika, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz gazteen aurkako epaiketa hasi da, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Poliziaren aurrean deklaratutakoa ukatu dute laurek, eta azaldu dute torturapean hitz egin zutela. Fiskalak bileren eta prentsaurrekoen inguruan galdetu die besteak beste, baina auzipetuek uko egin diote erantzuteari.
Lau gazteek beste 36rekin batera epaituak izan behar zuten urrian hasi zen epaiketan, baina ez agertzea erabaki zuten, desobedientzia ariketa gisa, "injustiziak ikusarazteko". Hala, hiru hilabetez egon ziren laurak ezkutatuta, eta urtarrilean atxilotu zituzten. Aramaion atzeman zuten Mujika, Gasteizen Pou eta Pinedo, eta Sestaon Iragorri.
Auzitegiak erabaki du ez dela ikuslerik izango epaiketan, eta egoera salatu eta gazteei babesa helarazteko elkarretaratzea egingo dute ostegunean, Andre Mari Zuriaren plazan, 20:00etan.