Gaur 10:20 aldera ekin diote Udalbiltzaren aurkako epaiketako saioari, eta atzokoaren ildotik joan da. Izan ere, atzo polizia eta guardia zibil perituen izenean hitz egin zuenak Udalbiltzak eraikuntza nazionalaren alde egindako lana "uneoro publikoa eta zilegi" zela esan bazuen, eta ezin dutela frogatutzat jo ETA eta Udalbiltzaren artean lotura zuzena zegoenik, gaur adierazi du Udalbiltzaren printzipioetan 'eraikuntza nazionala' aipatzeak ez duela esan nahi ETA babesten duenik.
Halaber, poliziak aitortu du eraikuntza nazionala, lurraldetasuna edota euskara ETA ez diren beste eragile batzuek ere defenditzen dituztela. Jakinarazi du erakunde armatuak Udalbiltzaren eraketaz zeukan iritzian oinarritu zirela honen aurkako txostenak egiteko, ez bestelako dokumentazioan. Udalbiltza Euskal Herriko udal erakundea 1999ko irailaren 18an sortu zuten EAJ, EH, EA eta ABko hautetsiek, baita udal ordezkari independente batzuek ere. Jendaurreko ekitaldia egin zuten Bilbon, Euskalduna Jauregian.
Defentsako abokatuek sakonago aritzeko aukera gaur
Atzo, batik bat, fiskalaren eta Dignidad y Justicia akusazioen galderei erantzun zieten perituek. Berandu ekin zioten defentsako abokatuek, eta gaurko saioan aritu dira horiek sakonago. Esate batera, ETAk Udalbiltzari zenbat diru pasatu zion galdetu dio Kepa Landak poliziari, eta honek erantzun dio finantza eta ekonomia arloko azterketarik ez dutela egin eta euren interpretazioetan oinarrituta atera zituztela ondorioak. 2003ko apirilean egin zuten Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa.
KAS edota EHNA ere izan dituzte hizpide defentsaren txandan, eta poliziak ez du Udalbiltzaren aurkako frogarik edo daturik eman. Hori bai, onartu du Udalbiltzak EHNAren aldeko kanpainarekin bat egin zuela, eta 130.000 herritarrek ere hala egin zutela.
Azkeneko hitzorduak: urriaren 25, 26 eta 27a
11:50etan bukatu da gaurko saioa, eta ondoren Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak urriaren 25 (astelehena), 26 eta 27rako jarri ditu hurrengo hitzorduak. Orduan amaituko da epaiketa, eta epaiaren zain geratuko dira. 25ean froga dokumentalei ekingo diete, kalifikazioen txanda izango da gero, eta ondoren iritsiko da parteen ondorioen unea. Epaia noiz emango duten ez dute esan.
Uztailean hasi zen epaiketa
Uztailaren 15ean hasi zen epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu gabe segitzen du akusazioak. Auzipetuek uztailean esan zuten Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen; halaber, zioten udal erakundeak diru publikoak eta bere jarduera oro legea jarraituta egiten zituela. Defentsako lekukoek berretsi egin zuten auzipetuen azalpena.
Fiskaltza eta Dignidad y Justicia akusazioek 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte 21 auzipetuentzat, ETArekin lotura dutelakoan. Udalbiltza, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uzteko eskatzen dute, era berean.
udalbiltza auzia
Polizia batek aitortu du eraikuntza nazionalaren aldeko lanak ez duela esan nahi ETA babesten denik
Urriaren 27an bukatuko da epaiketa. Atzo polizia eta guardia zibil perituen bozeramaileak onartu zuen ezin dutela frogatu ETA eta Udalbiltzaren artean lotura zegoenik. Gaur jakinarazi du erakunde armatuak udal erakundearen eraketaz zeukan iritzian oinarritu zela Polizia txostenak egiteko, ez bestelako dokumentazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu