Polizia indarkeria

Polizia gehiegikerien legeak estatuko segurtasun indarrei "ospea kendu" nahi diela salatu dute

Bilboko Justizia Jauregiaren parean elkarretaratzea egin dute Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko hainbat sindikatuk eta zenbait biktima elkartek. Ertzaintzaren Erne sindikatuak babesa eman dio deialdiari.

Espainiako Poliziako eta Guadia Zibileko hainbat sindikatuk Polizia gehiegikerien legearen kontra ditutako elkarretaratzea, gaur, Bilboko Justizia Jauregiaren parean.
2018ko azaroaren 14a
17:47
Entzun

Urte judizialaren hasiera ekitaldia egin dute gaur eguerdian, Bilboko Justizia Jauregian, eta ordu horretarako zuten deituta protesta, hain justu, Espainiako Poliziako SUP, CEP, UFP eta SPP sindikatuek eta Guardia Zibileko AUGC, Union-GC, AEGC, UOGC, Aprogc, Asesgc eta APC elkarteek. Haiekin batera elkarretaratzean izan dira Covite, Acfsevt eta Aserfavite biktimen elkarteetako kideak ere. Botere judizialaren defentsaren alde, estatuko segurtasun indarren eta terrorismoaren biktimen ohorearen alde. Ez abusu polizialen euskal legeari zioen pankartarekin hartu dituzte Justizia Jauregira joan diren agintariak. Manifestariek Polizia gehiegikerien legearen kontrako adierazpen bat eman diote eskura Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

Protesta ekitaldia Polizia gehiegikerien legeari hainbat moldaketa egiteko Jaurlaritzaren proposamena eztabaidatu aurreko egunean egin dute. Bihar erabakiko du Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak moldaketa horien eztabaidari bide ematen dien ala ez. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin adostu zituen aldaketa horiek, Rajoyren gobernuak legearen kontra aurteztu zuen helegitea Auzitegi Konstituzionaletik erretiratzearen truke.

Mariano Rodado Espainiako Poliziako SUP sindikatuko idazkari nagusiaren iritziz, lege horren helburua estatuko segurtasun indarrei "ospea kentzea" da. Rodadoren esanetan, "denak ez du balio historia zuritzeko". Nabarmendu duenez, botere judizialari dagokio soilik "biktima eta gaizkile" nor den zehaztea, "dagozkion legezko bermeekin", eta ez legeak aurreikusten duen balorazio batzordeari. Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak esparru judizialean esku hartzen duela salatu du, eta haren sustatzaileak prebaritzan egon daitezkeela ohartarazi du.

Legeak iraganari buruzko kontakizuna desitxuratu nahi duela salatu du SUPeko idazkari nagusiak. "Ezin da esan bi alde berdinen arteko enfrentamendu armatua egon denik, biktima kopuruak frogatzen du".

Rodadok gaineratu du legeak aztertu asmo dituen delituak "preskribatuta" daudela. "Inor ez dela errudun jo nahi esaten den arren, nork dio etorkizunean ez denik errudun bat bilatu nahiko. Biktima bat dagoenean, beti dago gaizkile bat, torturatzaile bat".

Erne, babesle

Ertzaintzako Erne sindikatua ez da elkarretaratzearen deitzaileetako bat izan, baina babesa adierazi die deitzaileei eta elkarretaratzean parte hartu du, bost minutuz. Ertzaintzako sindikatu nagusiak salatu duenez, Polizia gehiegikerien legearen negoziazioetan, Ertzaintzako sindikatuak "baztertu" egin dituzte. "Akats larria izan da lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik", adierazi du Roberto Seijo Erneko idazkari nagusiak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.