POLIZIA OPERAZIOA. GAZTE MUGIMENDUAREN AURKAKO SAREKADA. 14 gazte atxilotu dituzte, Segi berriz osatu nahi izatea leporatuta

Irailetik, ETAk su-etena iragarri zuenetik, 35 lagun atzeman dituzte; horietatik 32, Ekin, Askapena eta Segin lan politikoa egiteagatik

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Aro politiko berrirako ateak irekitzen ari direnean, konponbideari begira jartzeko asmoz ETAk su-etena iragarria duenean eta ezker abertzaleak ere apustu nagusitzat gatazka gainditzea hartua duela adierazia duenean, ezker abertzalearen aurka jarraituko duela esanaz erantzun du Espainiako Gobernuak. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Barne ministroak zein Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak argi esan zuten atzo, Espainiako Poliziak Segi gazte erakundearen aurkako operazioa goraipatzeko egindako adierazpenetan: «Argi geratu da Gobernuak terrorismoaren aurkako borroka ez duela pitin bat ere aldatu», esan zuen Rubalcabak. Aresen hitzetan, «talde terroristaren eta haren ingurukoen kontrako borrokan poliziak eta erakundeak ez daudela tregoan eta ez direla egongo erakusten duen milagarren froga dira azken atxiloketak».

Segi gazte erakundean aritzea egotzita, hamalau gazte atxilotu zituen atzo Espainiako Poliziak, Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz; duela 11 hilabete Segiko buruzagi izatea egotzita 35 gazte atxilotu eta gazte erakundearen burua desegintzat jo zuen epaile beraren aginduz. Hain zuzen, Segiren zuzendaritza berriz osatzen saiatzea leporatuta egin zuen atzoko polizia operazioa. Gazte erakundea berriz osatzeko «bilera organikoetan edo elkarretaratzeetan parte hartzea edo kale pintaketak egitea» egotzi die, zehazki. Horregatik «erakunde terroristako kide» izatea.

80 bat gazte bi urtean

2007an «erakunde terrorista» izendatu zuen Segi Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ordutik, etengabea izan da gazte antolakundearen aurkako jazarpena. Azken bi urteetan 80 bat gazte atxilotu dituzte Segikoak direlakoan, eta epaitu eta zigortu dituztenei seina urteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete.

Bide horretan sakontzeko atxilotu zituzten atzo 14 gazte Hego Euskal Herrian eta Katalunian. Bizkaian Xabat Moran, Ikoitz Arrese, Imanol Beristain, Ruben Villa eta Xabi Bidaurre atzeman zituzten. Nafarroan Ibon Esteban, Imanol Salinas, Xabier Arina, Ander Maeztu eta Egoi Irisarri. Gipuzkoan Julen Zuaznabar eta Ainara Bravo. Edu Castillo ere atxilotu zutela zabaldu zen arren, poliziek haren senideei esan zieten ez zegoela atxilotuta. Hala ere, Castillo hainbat orduz atxiki zuten etxean, zainduta eta bertatik atera ezinik. Araban Igarki de Robles atxilotu zuten, eta Bartzelonan, Marina Sagastizabal. Arabarra da azken hori, baina Katalunian egiten ditu ikasketak, eta horregatik bizi da Bartzelonan. 20 eta 29 urte artean dituzte guztiek.

Gazte gehiago atxilotzeko asmoa zuen epaileak, baina batzuk ez zituzten etxean aurkitu. Poliziak Bergoi Marazen eta Aiala Zaldibarren etxera joan ziren Gasteizen, esaterako, baina ez zituzten etxean aurkitu. Zumaian Beñat Lizeagaren etxean, Bergaran Aitziber Plazaolarenean eta Donostian Jazint Ramirezenean ere sartu ziren poliziak gazteak eramateko asmoz, baina horiek ere ez zituzten aurkitu. Larrabetzun, Endika Perez atxilotzen saiatu ziren, eta ez zuten lortu.

Gaztetxe eta 'herriko tabernak'

Asko izan ziren miatutako etxe eta bilguneak: 40 inguru, berri agentzien esanetan. Atxilotu guztien etxeak eta horien hurko batzuenak arakatzeaz gain, hainbat lonja, gaztetxe eta herriko taberna ere miatu zituzten: Moranen lantoki den Deustuko Herriko Tabernara eraman zuten Santutxuko gaztea, Bilboko Zazpikaleetan atxilotu ondoren, eta, bertokoek salatu zutenez, tabernako 800 euro eta elastiko batzuk eraman zituzten poliziek, besteak beste. Gazteari babesa ematera joandako herritarren aurka egin zuten poliziek.

Beristain Barrikan atxilotu ondoren Getxoko Itzubaltzeta auzoko herriko taberna miatzera eraman zuten. Han ere dozenaka bildu ziren atxilotuari babesa ematera, eta polizia oldartu egin zitzaien.

Astigarragan Zipotza elkartea miatu zuten, eta Elgoibarren Kimetz elkartea. Horrez gain, Zumaiako, Donostiako Gros auzoko eta Larrabetzuko gaztetxeak arakatu zituzten.

Espainiako Gobernuaren bozeramaile eta Barne ministro Rubalcabak hedabideen aurrean adierazi zuenez, atxilotuetako batzuk kale erasoetan aritu direla uste du. Miaketetan lehergaiak egiteko materiala atzeman zutela ere esan zuen, baina horiek zer diren argitu gabe. 36.000 euro inguru aurkitu zituztela azaldu zuen. Berri agentziek zabaldu dutenez, informazioa eta informatikako materiala eraman zuten poliziek miaketetatik. Bildutako informaziotik gazte erakundearen helburuak eta antolaketa ezagutzeko asmoa du Marlaska epaileak, berri agentziek «ikerketako iturriak» aipatuta zabaldu dutenez.

Goizaldeko 03:00ak aldean hasi zen operazioan Espainiako 300 poliziek parte hartu zuten. Gazteak atxilotu bezain laster, inkomunikatu egin zituzten. Hori dela-eta, kezka agertu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazioak tortura ahalbidetzen duela ohartarazi, eta aurten 49 euskal herritarrek torturak jasan izana salatu dutela ohartarazi du.

Berri agentziek adierazitakoaren arabera, atzo bertan eraman zituzten atxilotuak Madrilera, eta epaileak ez du, oraingoz, operazioa itxi.



Atxilotuak

Xabat Moran (Bilbon)

Ikoitz Arrese (Bilbon)

Imanol Beristain (Barrikan)

Ruben Villa (Sestaon)

Xabi Bidaurre (Galdakaon)

Ibon Esteban (Iruñean)

Imanol Salinas (Burlatan)

Xabier Arina (Burlatan)

Ander Maeztu (Antsoainen)

Egoi Irisarri (Iruñean)

Julen Zuaznabar (Astigarragan)

Ainara Bravo (Elgoibarren)

Igarki de Robles (Gasteizen)

Marina Sagastizabal (arabarra Bartzelonan atxilotu dute)

Espainiaratu dituzte Italian atxilotutako hiru gazteak

Iazko azaroan gazte independentisten aurkako sarekadaren harira Italian atxilotu zituzten hiru gazteak atzo Espainiaratu zituzten. Artzai Santesteban, Zuriñe Gojenola eta Fermin Martinez estraditatzeari baiezkoa eman zion Erromako Auzitegiak. Ekainean atzeman zituzten hirurak, agerraldi bat egitekoak zirenean.

Sarekada eta inkomunikazioa salatzeko, protestak egin dira

Polizia operazioa eta atxilotuen inkomunikazio egoera salatzeko, mobilizazioak egin zituzten atzo iluntzean ehunka herritarrek. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren deiari erantzunez, protestan atera ziren atxiloketak eta miaketak izandako hainbat herritan; besteren artean, Santutxun, Sestaon, Larrabetzun, Itzubaltzetan, Santurtzin (Bizkaia), Astigarragan, Zarautz, Zumaian (Gipuzkoa) eta Burlatan (Nafarroa). Iruñeko Arrotxapea eta Donibane auzoetan, Antsoainen (Nafarroa) eta Baionan protestak egin zituzten. Atxilotuak Poliziaren esku daudelarik, gaurko ere antolatu dituzte protestak. Besteak beste, Bilbon. Han 19:00etan egingo dute, Plaza Eliptikoan hasita.

«Prozesuari eraso diote; estatuak saihestu nahi du beste jokaleku bat irekitzea, besterik ez»

EZKER ABERTZALEA
«Ekinean ari ziren bakeaeta normalizazioa lortzeko. Prozesuari eraso nahi diote, baina ez du atzera bueltarik»

EUSKO ALKARTASUNA
«Politika egiteagatik atxilotu dituzte. Demokrazia batean, ezin da delitu izan erakunde politiko bateko kide izatea»

ARALAR


«Inork uste badu gobernuak azeleragailua gutxiago sakatuko duela erreakzioak sortzeko, nahastuta dago»

JOSU ERKOREKA
EAJ
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.