POLIZIA OPERAZIOA. Hamar lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, tartean hiru abokatu

Euskal presoen eskubideen alde jarduten duten lau kide, Etxerat-eko eledun izandako bat eta LAB sindikatuko bi atxilotu dituzte

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo / Joxerra Senar. Iruñea
2010eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu zituen atzo eguerdian Bizkaian eta Gipuzkoan, Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Horietako hiru, Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi, euskal presoen eta atxilotuen eskubideen defentsa lanetan aritzen diren abokatuak dira. Beste atxilotuetako bat, Naia Zuriarrain, abokatu horien Bilboko bulegoko langile bat da. Saioa Agirre euskal preso baten neska-laguna da, eta Etxerat elkartearen bozeramaile izana. Jose Luis Gallastegi eta Juan Mari Jauregi, berriz, LAB sindikatuko kideak dira. Lehena Arrantza ataleko arduraduna da, eta bigarrena, erretiratua den arren, sindikatuko Bankuen ataleko afiliatua. Margolari ezaguna da beste atxilotu bat: Erramun Landa, Karmelo Landa ezker abertzaleko kidearen anaia. Jose Domingo Aizpurua ere atxilotu dute; hainbat alditan urte luzez espetxeratua egon da eta minbizia dauka. Bestalde, Asier Etxabe atxilotu dute Donostian.

ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea egotzita atxilotu dituzte hamarrak. Zehazki, ETAren mezulari izatea, erakunde armatuko kideen zein laguntzaileen ihesak kudeatzea eta ETAren iraultza zergaren ordainketetan parte hartzea leporatu diete, berri agentziek ikerketa iturriak aipatuta zabaldu dutenez.

Atxilotuen abokatuek ez dute operazioaren nondik norakoen berririk. Auzia sekretupean dagoela eta atxilotuak inkomunikatuta daudela besterik ez diete esan. Antonio Camacho Espainiako Estatuko Segurtasunerako idazkariak esan du abokatuak ETAkoak direlakoan atxilotu dituztela: «Ustez talde terroristako kideak auzitegietan defendatzen dituzten ustezko ETAko kideak dira».

Kamerak, Polizia baino lehen

Eguerditik aurrera hasi ziren atxiloketak, ohikoa ez den arrenegun argiz eta kameraz inguratuta. Guardia Zibilak operazioa hasi aurretik, hedabide batzuetako langileek jasoa zuten abisua. Bilbon, esaterako, 12:15ean joan ziren guardia zibilak abokatuen bulegora, eta Espainiako telebista kate batzuetako kamerek 11:30 alderako jasoa zuten hara joateko deia. Agentziek ere operazioa hasi zen ordu berean zabaldu zuten albistea.

Abokatuek Bilboko Elkano kalean duten bulegoan atxilotu zituzten Zulueta eta Zuriarrain. Abokatu gehiago ere baziren lanean bertan, baina kalera aterarazi zituzten guztiak. Kalea guardia zibilez, ertzainez eta udaltzainez bete zen. Guardia Zibilaren zortzi Patrol ordu luzeetan egon ziren ilaran, bata bestearen atzean. Indar armatuko kideek, armak eskuetan, ez zuten bulegoa dagoen atariaren inguruetara gerturatzen uzten. Ertzaintzaren furgoneta bat ere egon zen lehen orduetan. Udaltzainek, kalea itxi zuten.

Beste bi abokatuak, Sarriegi eta Enparantza, abokatuen Hernaniko bulegoan atxilotu zituzten. Han ere, guardia zibilek hartu zituzten bai bulegoa, bai kalea, eta lanean ari ziren gainerako abokatuak kanporatu egin zituzten.

Hiru abokatuak euskal preso eta atxilotuen defentsa lanetan aritu ohi dira. Eta, berri agentziek polizia iturriak aipatuta zabaldu dutenez, Joseba Agudo abokatuaren aurkako operazioarekin lotura du atzokoak - Frantziako Poliziak atxilotu zuen Agudo, iazko urriaren 28an, Guardia Zibilarekin elkarlanean, Hendaian-. Polizien arabera, Hego Amerikan zein Europan ETAk dituen kideen artean mezulari aritzea egotzita daukate preso ordutik. Lurralde haietara bidaia asko egiten zituela argudiatu zuen epaileak Agudo espetxeratzeko. Hain zuzen, euskal errefuxiatuen abokatu lanetan aritzen zen.

Agudoren aurkako operazioa 2008ko maiatzean Frantzian atxilotu zuten Iñaki Lopez Peña ustezko ETAko buruzagiari atzemandako dokumentuen ikerketaren ondorio zela argudiatu zuen Auzitegi Nazionalak orduan. Orain ere, duela bi urte aurkitutako dokumentu haien harira egindako operazioa dela esan dute.

Atxilotuen lankide diren abokatuen ustez, ordea, «zentzugabeak» dira atxiloketak. Abokatuen lantoki nagusietako bat Espainiako Auzitegi Nazionala izaten dela gogoratu du Ainhoa Bagliettok, lankideen izenean, eta, beraz, epaileak ez zuela deklarazioa hartzeko hitzordua jartzea besterik.

Kezka

«Kezka handia» azaldu du atxilotuen egoeragatik. «Inkomunikatuta daude eta horrek torturaren bidea zabalik uzten du», argudiatu du. Beraz, inkomunikazioa bertan behera uzteko lanean ari dira abokatuak. Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoetara jo dute euren kezka agertzeko eta inkomunikazioa zein atxiloaldia amaitzeko gestioak egin ditzaten eskatzeko. Haien lankideak berehala askatzeko edo behintzat epailearen aurrera berehala eramateko eskatu dute.

12:30 jota zirenean atxilotu zuten LABeko Arrantza arloko arduradun Gallastegi, Gernikan, sindikatuaren egoitzan. Jauregi LABeko afiliatua, berriz, etxean atxilotu zuten, Donostiako Egia auzoan.

Agirre 12:50 inguruan atxilotu zuten, Sopelako Zipriñe eskolan, lantokian. Irakaslea da eta eskolak ematen ari zen guardia zibila bere bila joan den unean. Iazko urte amaieran Aulestin atxiki, eta mendira eraman zuten Agirre, guardia zibilek «bahituta». Galdeketa egin, eta «egunen batean sustoa» izango zuela mehatxu egin ziotela salatu zuen.

Bilbon atxilotu zuten Landa margolaria, eta Etxabe, Donostian. Aizpurua, berriz, Zubietan atzeman zuten, eta Usurbil erdigunera eraman zuten ondoren. Han, bere etxea, arrebarena eta familiaren okindegia miatu zituzten guardia zibilek.

Guardia zibilez beteta egon ziren atxilotu zituzten pertsonen lantokiak eta bizilekuak, eta miaketak asko izan ziren. Besteak beste, Zuluetaren Lemoizko etxea, Zuriarrainen senideek Bilboko Botika Zaharrean dutena eta Jauregik Donostiako Egian duena arakatu zituzten.



Atxilotuen egoerarekin kezkatuta agertu da LAB

Presoen senide eta abokatuak atxilotuz euskal presoen aldeko babesa eta lana «jopuntuan» jarri nahi dutela salatu du LABek. «Konponbide demokratikoaren aldarriak errepresioarekin isildu nahi dituzte, beste behin, kriminalizazioaren bidetik». Prentsa ohar batean kezkatuta agertu da sindikatua, inkomunikazio aldiak irauten duen bitartean atxilotuek jasoko duten tratua dela eta.

Aralarrek, berriz, atxilotuen errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu du, eta atxiloaldiak indarrean jarraitzen duen bitartean herritar guztiek tratu duina jasotzeko eskubidea dutela nabarmendu du. Horren harira, inkomunikazioa ahalbidetzen duen legedia amaitzeko eskatu du.





Herritarrei oldartu zaie Ertzaintza Lekeition

Jose Luis Gallastegiren etxearen aurrean bilduta zeuden herritarrei oldartu zitzaien Ertzaintza atzo, Lekeition. Gutxienez pertsona bat atxilotu eta beste hiru lagun zauritu zituzten. Miaketa amaitu ondoren, guardia zibilekin batera eraman zuten Gallastegi, eta etxetik irteten ari zirenean harentzako animo oihuak egin zituzten bertan bildutakoek. Guardia Zibila atxilotuarekin joan eta berehala hasi zen Ertzaintzaren oldarraldia. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, atxilotutako lagunak harriak bota zizkien Guardia Zibilaren patruila bati.

Bilboko Santutxu auzoan, berriz, ertzainek beste herritar bat atxilotu zutela jakinarazi du Herrizaingo Sailak. Atxilotuen aldeko pintaketak egitea leporatu diote.

Era berean, atxilotuen herrietan eta beste hainbat tokitan elkarretaratzeak eta manifestazioak egin zituzten iluntzean, atxilotuak aska ditzatela eskatzeko. Besteak beste, Donostian manifestazioa egin zuten, Antigua auzoan, eta Egia auzoko Plaza Berrian batzarra. Bakion, berriz, kartelak itsatsi zituzten.





Iazko ekainean Iñaki Goioaga eta azaroan Joseba Agudo abokatuak atxilotu ondotik, Eskubideak elkarteak salatu du euskal presoen abokatuen lana kriminalizatzeko asmoa duela Estatuak.

Aurrez iragarritako atxiloketak

Joxerra Senar. Iruñea

Ez da euskal presoekin lanean jarduten duten abokatuen aurka jo duten lehen aldia. Azken hamar hilabeteetan, adibidez, beste bi abokatu atxilotu ditu Guardia Zibilak Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz: ekainean, Iñaki Goioaga, eta urriaren amaieran, Joseba Agudo -apirilaren 1ean Espainiaratu zuten eta berriki espetxeratzeko agindu du Marlaskak berak-. Agudo atxilotu ondotik, azaroaren 5ean Eskubideak Euskal Herriko Abokatuen Elkarteak salatu zuen atxiloketa hura aurrez «iragarrita» zegoela, eta operazioaren atzean abokatuen lana «kriminalizatzeko» Espainiako Estatuaren asmoa dagoela.

Atzoko operazioen modura, Agudoren zein Goioagaren atxiloketak ere mediatikoak izan ziren. Goioaga ekainaren 14an atxilotu zuten, iaz. Guardia zibilak bulegoa miatzera joan zirenean, lankide batek epailearenagindua eskatu zien, baina guardia zibilek ez zieten erakutsi. Inkomunikatuta zegoela, Bizkaiko Abokatuen Elkarteko dekanoak Garzon protokoloa ezartzeko eskatu bazuen ere, Grande Marlaskak ukatu egin zuen eta, gainera, informazio oro ezkutatu zien abokatuei. Goioagak salatu zuen galdeketa ugarietan irain eta mehatxuak jaso zituela.

Operazio hartan, beste sei lagun atxilotu zituzten -tartean, hiru preso-. Espainiako Barne Ministerioak zabaldu zuen Huelvako presondegitik ihes egiteko plan bat prestatzen ari zirela eta segurtasun indarrek eragotzi egin zutela. Handik egun gutxira, ordea, Grande Marlaskak ukatu egin zuen plan hura gertatzear zela, eta balizko plan hura 2007koa zela zioen. Goioagaren kasuan, gainera, Marlaskak zioen ez zegoela plan horrekin lotzen zuen frogarik. Hala ere, miaketetan ETArekin lot zezaketen bi elementu topatu zituztela argudiatuta espetxeratu egin zuen.

Presoekin aritzen diren abokatu talde batek «azpijokoa» salatu zuen, eta galdetu zuen nola zen posible presoak edo Goioaga -«zeina egunero auzitegira doan»- atxilotzea. Handik gutxira, Euskal Herriko zein nazioarteko 150 abokatuk Iñaki Goioagaren aldeko eta «espetxeratze arbitrarioaren aurkako» agiria kaleratu zuten.

Urriaren 28ko goizean, berriz, Guardia Zibilak operazioa abiatu aurretik, RTVEk Joseba Agudoren atxiloketa iragarri zuen. Hankasartzea ikusita, RTVEk webgunetik kendu zuen informazio hori, baina ordurako Guardia Zibila goizeko 10:00etan hasia zen Agudoren bulegoa miatzen. Agudo, ordea, gauean atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Hendaian. Han du bizilekua. Lankideek salatu zuten atxiloketa «onartezina» zela, «bere lanerako ohiko tokiak direlako epaitegiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.