Abokatuen kontrako polizia operazioa

Polizia operazioa salatzeko, martxa batera deitu dute larunbaterako Donostian

17:00etan abiatuko da manifestazioa, Donostiako Antiguako tuneletik (adierazpena). Etxerat elkartearen arabera, ez da kasualitatea izan atzoko polizia operazioa Auzitegi Gorenaren ebazpenaren bezperan eta Bilboko manifestazioaren ondoren izatea. Bestalde, Poliziak LABen egoitzan eginiko "eraso bortitza" salatu du Munduko Sindikatuen Federazioak, eta errespetua eskatu du sindikatuarentzat.

Euskal eragileak, gaur, Bilbon, larunbateko manifestaziora deitzen. ARGAZKI PRESS
2015eko urtarrilaren 13a
07:18
Entzun

Giza eskubideak, bakea eta konponbidea lelopean egingo dute manifestazioa, gehiengo sindikalak eta eragile politiko eta sozial ugarik deituta. Eragile politiko, sozial eta sindikalek bilera egin dute goizean, polizia operazioaren inguruko balorazio bateratua egiteko. Besteak beste, Lokarri, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, ELA, LAB eta Bilgune Feministak babestu dute protesta.

Atxiloketak "bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko egiten ari diren ahalegin eta egoera sozial eta politiko berriaren aurka eginiko eraso zuzena dira", deitzaileen esanetan.

Etxerat: "Abokatuak bahitu eta elkartasuna kriminalizatu dute"

Euskal presoen senitartekoen arabera, Espainiak “abokatuak bahitu ditu Europan Eskubideen urratzeagatik kondena berriak ekiditeko”. Eta, gainera, “herri honen elkartasuna eta babes ekonomikoa zapuztu eta lapurtu” nahi izan dutela salatu dute. “Bazterrak nahastu eta elkartasun zein babes juridikoa kriminalizatu dute”. Izan ere, defentsarako eskubidea urratu zaiela diote.

Haren ustez, presoak abokatu gabe uztea baino “tranpa” handiagorik ez dago, eta atzoko operazioa lege eta zuzenbideari nahi beste tranpa egiteko beste urrats bat besterik ez da “gure senideek bide juridikoak jorratzen ari diren honetan”.

Mobilizatzeko deia egin, eta iragarri dute Etxerat-ek bat egingo duela eragileek deituko dituzten mobilizazioekin. “Konponbidearen garaia, giza eskubideen urraketekin amaitzeko garaia eta nola ez, bakea eraikitzeko garaia da”.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Diputazioaren ustez, Espainiak "bere izaera ez demokratikoa erakutsi du: oinarrizko eskubideak urratzearen aldeko apustua egin du". Aldundiak erantsi du "konponbide demokratikoa zapuztu nahi dutenek porrot" egingo dutela, eta herritarrei dei egin diete "demokraziaren eta eskubideen kontrako bidegabekeria oro" salatzeko: "Euskal gizarteak aurrera egingo du oztopoen gainetik".

Munduko Sindikatuen Federazioaren salaketa

Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuen aurka Guardia Zibilak eginiko operazioan, LAB sindikatuaren egoitzara sartu ziren poliziak. Larunbatean presoen eskubideen alde Bilbon eginiko mobilizazioan bildutako 70.000 eta 90.000 euro artean eraman zituzten guardia zibilek egoitzatik.

Munduko Sindikatuen Federazioak nabarmendu du nazioartean ezaguna den eta munduko mugimendu sindikalaren aitortza duen erakundea dela, eta errespetua eskatu du MSFk euskal sindikatuarentzat: "MSFk arbuiatu egiten du Espainiako Gobernuko indar errepresiboen jarrera, metodo horiek hirugarren munduko gobernu autoritarioek erabili baitituzte". Federazioak elkartasuna adierazi dio LABi, eta atxilotuak aske uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. 90 milioi kide ditu federazioak.

Manifestazioan bildutako dirua sindikatuaren egoitzan egotearen arrazoiak eman ditu Sarek, mobilizazioaren antolatzaileak: "LAB sindikatuak ez du inongo erantzukizunik, egin duen bakarra larunbatean jasotako txanponak euren bulegoan batzeko aukera ematea izan da, gaur goizera arte banku bulegoak itxita zeudelako".

Hamaika Telebistaren saioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.