'18/98 epaiketa'

Polizia operazioaren ondoren, Zumalabe Fundazioak lanean jarraitu ahal izan duela azaldu du Carlos Trenorrek

Carlos Trenor auzipetuaren deklarazioa izan da '18/98 epaiketako' gaurko saioaren funtsa. Joxemi Zumalabe Fundazioaren inguruko azalpenak eman ditu; batik bat, Fiskaltzak erakunde horren aurka egin dituen akusazioek ez dutela funtsik frogatzeko ahalegina egin du. Trenorrek azaldu duenez, Zumalabe Fundazioaren helburua ez zen akusazioek leporatzen dioten bezala desobedientzia zibila sustatzea, baizik eta herri mugimenduei laguntzea. Polizia operazioa izan eta gero lan horretan aurrera jarraitzeko modua izan dutela agertu du. Trenorren deklarazioarekin amaitu da gaurko saioa, eta, horrenbestez, urtarrilaren 9 arte etenda geratu da epaiketa Eguberrietako oporrak tarteko.

2005eko abenduaren 21a
19:00
Entzun
Egin argitaratzen zuen Orain enpresaren inguruko atala ari dira aztertzen 18/98 epaiketan , baina Joxemi Zumalabe Fundazioaren ingurukoak —sumarioko beste atal bat— nagusitu dira atzoko eta gaurko saioetan. Izan ere, Carlos Trenor auzipetu eta abokatua Orainen atalean eta Zumalabe Fundazioarenean dago auzipetuta.

Defentsari erantzunez, Zumalabe Fundazioaren sorrerari buruzko azalpenak eman zituen atzo Trenorrek, eta, gaur, berriz, erakunde horren lan eta helburuei buruzkoak. Fiskaltzaren akusazio nagusia erro-errotik ukatu du Trenorrek: hots, ETAren aginduz desobendientzia zibilaren estrategia bultzatzeko sortu zela Fundazioa.

Trenorrek ukatu egin du halakorik; areago, Zumalabe Fundazioaren helburuetan desobedientzia zibila bultzatzea dagoela ere gezurtatu egin du. Aitzitik, erakundearen xedea, hasieratik, herri mugimenduei laguntzea zela agertu du, eta desobendientzia zibilaren arloan jardunaldi batzuek antolatzeko laguntza teknikoa ematera mugatu zela euren egitekoa. Hots, herri mugimenduetatik eskatu zitzaiela estrategia horren inguruko jardunaldi horiek antolatzeko babesa, eta idazkaritza teknikoa egitera mugatu zela beren lana.

Horren gain, Trenorrek nabarmendu du polizia operazioaren ondoren ere herri mugimenduei laguntzeko lanean "normal" jarraitu duela Zumalabe Fundazioak. Hau da, herri mugimenduen 3. eta 4. topaketak operazioaren ondoren egin dituztela, eta hirugarren horiek antolatzeko dirua eskuratu ahal izateko Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak desblokeatu zituela fundazioaren diru kontuak. Duela gutxi gizarte zibilaren inguruko jardunaldi batzuetarako Eusko Ikaskuntzak ekarpen bat eskatu ziela nabarmendu du.

Horrenbestez, Trenorren deklarazioarekin amaitu da epaiketako gaurko saioa. Urtarrilaren 9 arte ez da hasiko berriro, Eguberrietako oporrak tarteko. Deklaratzen hurrengoa Xabier Alegria da, eta Orain atala amaitu eta Ekin-ena abiatuko da Alegriaren deklarazioarekin.

Epaiketa justu baterako baldintzak ez direla betetzen ari salatu du berriro defentsak

Bestalde, atzo agertu ziren, azkenean 75/89 eginbideak, Baltasar Garzonek 1989an abiatu eta Auzitegi Nazionaleko bosgarren instrukzio epaitegiak orain arte gordean izan dituenak. Defentsaren iritziz 18/98 auziaren eta molde bereko beste auzien jatorrian dauden polizi txosten, telefono entzunketen transkripzio eta beste hainbat agiri, abokatuek instrukzioaren garaian behin eta berriro bosgarren instrukzio epaitegiak inoiz erakutsi ez dizkienak.

Behin epaitegira iritsita, haiek eskura izatea eskatu zion atzo defentsak epaimahaiari, eta Angela Murillo epaimahaiburuak eskuratuko zituztela agindu zien. Gaur goizean, ordea, saioa hasi eta segituan eginbideak ez dituztela jaso salatu dute defentsako abokatuek. Murillo epaieak erantzun die aretoak hiru egun behar dituela haiek guztiak ikusi eta ordenatzeko, eta orduan jasoko dituztela. Defentsako abokatuek horren aurkako protesta egin dute, eta berriro ere epaiketa justu baterako eskubidea urratzen aritzea egotzi diote Murillori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.