IÑIGO CABACASEN AUZIA

Polizia perituek diote ez direla gai zehazteko zein ertzainek hil zuen Cabacas

Espainiako Poliziak eginiko txosten batean ez dute argitu nork jaurti zuen Cabacas jo zuen pilotakada.

Iñigo Cabacas oroitzeko elkarretaratzea epaitegi aurrean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 26a
11:26
Entzun

Bizilagun batek grabatutako irudiak aztertu dituzte perituek, Ana Torres epailearen aginduz. El Correo egunkariak argitaratu duenez, polizietako batek epailearen aurrean adierazi zuen ertzainetako baten posizioa "bateragarria" dela pilotakada gertatu zen lekuarekin, baina ezin dela jakin haren pilotakada nora joan zen. Martxoaren 2an aztertuko dute Espainiako Poliziaren txostena, eta, kazeta horren arabera, bertan ondorioztatu dute ezin dela jakin zein ertzainen pilotakadak hil zuen Iñigo Cabacas Athleticeko zalea.

Sei ertzain ikertu dituzte Cabacasen heriotzagatik: gomazko pilotak jaurti izana onartu duten hiru polizia, furgonetetako bi arduradun eta polizia etxetik operatiboa gidatu zuen ertzainburu bat. Duela bi aste auzipetu zuten seigarrena. Instrukzio faseari legez dagokion epea ekainean amaituko da, eta horren ondoren erabaki beharko dute epaileek auziarekin aurrera egin ala ez.

Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko futbol partida baten ondoren izan zen Cabacasen heriotza eragin zuen karga, 2012ko apirilaren 5ean. Maria Diaz de Haro kalean bildutakoen aurka jo zuen Ertzaintzak, eta gomazko pilota batek buruan jo zuen Cabacas. Lau egunera hil zen, jasotako kolpearen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.