Irungo alardea

Poliziak babestuta, berriz ere

Bi alarde osatu dira aurten ere Irunen. Besteak beste, Arartekoaren, Emakunderen eta EH Bilduren babesa jaso du alarde parekideak. Izaskun Landaidak kritikatu egin du alkatearen ausentzia; ez dio harrerarik egin alarde mistoari. 

arantxa iraola
2015eko ekainaren 30a
10:50
Entzun

Goizekoaren ostean, bigarrenez ospatu dute alardea arratsaldean. Jendez bete dira bide bazterrak alarde parekidea bertatik bertara ikusteko; hala ere, atsekabea azaldu dute aurten ere azken metroak polizien babesarekin egin behar izan dutelako, "18 urte eta gero". Herritar ugarik bizkarra eman diote alarde parekideari Kale Nagusian.

Emakundeko ordezkariak ahalegindu dira Irungo alkate Jose Antonio Santanorekin zuzenean hitz egiten, baina ezin izan dute. Hala ere, eskaera egin diote alarde tradizionalari bezala egin diezaiola harrera mistoari ere. Hark, ordea, ez du erantzun. Eta, aurten ere, ez dio harrerarik egin alarde mistoari. Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak alkatearen ausentziaren harira, kritika egin du udalatxeko balkoian. "Benetan lagungarria litzateke bera hemen egotea. Batari harrera egiten badio, besteari ere egin behar lioke. Aldaketarako pauso nabarmen bat izango litzateke; horrek zabalduko luke bidea beste mota batetako ekintzak egiteko". Landaidak dio herritarrek "konponbide bat" eskatzen dutela, eta instituzioen aurretik doazela.

Urtero moduan, bertan izan dira Arartekoa —Julia Hernandez arartekoaren ondokoa— eta Emakunde —Izaskun Landaida eta Ana Alberdi idazkari nagusia—. EH Bildutik Xabier Olano eta Ainhoa Beola Gipuzkoako batzarkideak izan dira Irunen alarde mistoaren alde: “Gipuzkoako ahaldun nagusiaren lekua eta Batzar Nagusietako lehendakariaren lekua betetzera gatoz", esan dute. Haiek izan dira udaletxeko balkoian agertu diren ordezkari politikoak. Udalbatzaren partetik, berriz, EH Bildu eta Si Se Puede Irun taldeko ordezkariak. Adierazgarria izan da Irungo Batzokiko irudia; alarde ez parekidea paretik pasatu denean, leihoak parez pare irekita egon dira, eta balkoia jendez gainezka. Alarde parekidea pasatu denean, inor ere ez.

Txalo zaparrada handi batekin hartu dituzte alarde mistoan irten diren 1.200 partaide inguru. Biba eta gora artean abiatu da alarde parekidea. "Izugarria izan da", esan du Inma Landa jeneralak. Espaloietan inoiz baino jende gehiago ikusi baitute, eta alaiago. Landa jeneralak gidatuta Alardea plazara iritsi denean, harrera beroa egin diote. 

Alarde ez-parekidean 8.000 gizon inguru irten dira soldadu gisara desfilatzen, eta hemeretzi emakume kantinera gisa. Espaloietan izan dute tokia andrazkoek: bibaka hartu dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.