atxiloketa

Poliziak dio Zuhaitz Errasti dela Frantzian atxilotutako ustezko etakidea

Haute-Garonne departamenduan atzeman zuten atzo, autoak matxura izan ondoren. 2005eko uztailaren 28an ere atxilotu zuten Frantzian, eta iaz Espainiaratu egin zuten. Haren gurasoen Zumaiako etxea miatzen ari dira.

2009ko urriaren 27a
17:46
Entzun
Frantziako Poliziak ustezko etakide bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, baina gaur goizera arte ez du haren izenik eman. Poliziaren arabera, hatz marken azken frogen zain dauden arren, Zuhaitz Errasti Goiti (Aretxabaleta, Gipuzkoa; 1981) da atxilotutakoa. Lyongo polizia etxean daukate, Parisera noiz eramango.

Gaur 16:00etatik haren gurasoen Zumaiako (Gipuzkoa) etxea miatzen ari da Guardia Zibila.

Poliziak esan duenez, atxiloketa arratsaldeko seiak inguruan gertatu zen, Haute-Garonne departamenduan, gidatzen ari zen gris koloreko Volkswagen Golf autoa matxuratu zenean. Ikerketa iturrien arabera, Jendarmeriako polizia batzuk hurbildu zitzaizkionean, ibilgailuko gidariak esan zuen autoa matxuratuta zegoela eta dokumentazioa eskatu ziotenean ETAko kide zela jakinarazi zien.

Atxiloketaren unean agiri faltsuak, 38 kalibreko pistola, 30 kilo aluminio hauts, matrikula plaka faltsuak, letra moldeak, lo egiteko zakuak eta emakume zein gizonezkoentzako arropa atzeman zizkioten.

2005eko uztailaren 28an ere atxilotu zuten Frantzian -Brive la Gaillarden-, ETAko kidea zelakoan. Lau urteko kartzela zigorra jarri zioten. 2008ko azaroaren 5ean Espainiaratu egin zuten, eta hiru egunera libre geratu zen, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak noiz deituko ETAren aldeko pintaketak egitea egotzita. Deia jaso zuenean ez zen azaldu auzitegira, eta honek hura atzemateko agindua eman zuen.

Frantzian preso eduki zuten garaian 26 eguneko gose greba egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.