Atxiloketak

Poliziak Peio Fagan eta Mathieu Tuya atxilotu ditu Bidarten, eta Jeanine Tapia Ziburun

Etxean atzeman dute Fagan, goizeko seietan. 1992an ere atxilotu zuten. Tapia eta Tuya ere etxean atxilo hartu dituzte. Horiez gain, Maialen Zuhasti eta Jean-François Anpo deklaratzen ari dira gaur. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du dagoeneko 90 bat lagun deitu dituztela deklaratzera azkenaldian, eta "mundu abertzalearen fitxaketa masiboa" egin nahi duela Frantziako Poliziak.

2009ko otsailaren 10a
19:17
Entzun
Frantziako Poliziak gutxienez hiru lagun atxilotu ditu gaur Lapurdin. Peio Fagan goizeko seietan atzeman du Bidarteko bere etxean, eta hau miatu du ondoren. Herri berean Mathieu Tuya atxilotu du geroago. Gainera, Jeanine Tapia Ziburuko bere etxean atxilotu du. Faganek 71 urte ditu, eta 1992an ere atzeman zuten, eta kartzelan sartu. Oraindik ez dute zehaztu zer leporatzen dieten biei, baina AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren esanetan, badirudi ostatu abertzaleen finantzazioaren auziarekin lotura dutela atxiloketek. Beste bi lagun dituzte gaur Baionako polizietxean, deklaratzera joatera deitu ondotik: Maialen Zuhasti eta Jean-François Anpo. Polizia iturriek ez dute zehaztu atxilotuta dauden edo ez.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du dagoeneko 90 bat lagun deitu dituztela deklaratzera azkenaldian (horiek guziak gero libre utziak), eta "mundu abertzalearen fitxaketa masiboa" egin nahi duela Frantziako Poliziak. Vasco Press agentziaren esanetan, Batasunaren finantzei buruzko ikerketaren baitan egin dute operazioa.

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzeak egiten ari dira gaur, 19:00etatik, Bidarte eta Ziburuko portuan.

"Frantziako Gobernuak euskal herritarren aurkako jazarpen eta errepresioan pausoak ematen dihardu eguna joan eta eguna etorri", esan du AAM. "Herritar ugari polizia-etxeetara deituak izaten ari dira jarduera politikoagatik deklara dezaten. Horrez gain, iheslari politikoen aurkako atxiloketak, euroaginduak eta euskal preso politikoen espultsioak egunero ikus ditzakegu. Frantziako Gobernua jakitun da gatazka politikoa duela Euskal Herrian eta, berau konpontzeko bide demokratikoak jorratu ordez polizia, espetxe eta errepresio mota ezberdinen alde egiten ari da".

"Ikerketaren aitzakiaz, fitxaketa masiboa"

Amnistiaren Aldeko Mugimenduari jarraiki, "Kalaka eta beste ostatuen finantzazioaz ikerketa egin nahi duten aitzakiaz, euskal militantziaren gaineko galderak" egiten ari zaizko Frantziako Polizia azken hilabeteetan atxilotu edo deklaratzera deitutakoak. "90 bat galdekatuen kopuru horretan ez dira sartzen Ducasse, kontu blokatu eta EHAK auzietan atxilotu eta deklaratzera deitutakoak. Hasieran erabili zuten teoria, hau da, Batasunak borroka armatua ostatu horien bidez finantzatzen zuela esaten duena, bertan behera geratu zen, eta Jean-Claude Marin prokuradoreak berak iazko azaroan onartu zuen ez zutela inolako elementurik ETAren eta Batasunaren arteko balizko loturak frogatzeko; orain, ordea, agintari frantziarrek teoria horri buelta eman diote, eta frogatzen saiatzen ari dira borroka armatua dela ostatu horiek finantzatzen dituena!".

AAMren idurikotz, "gero eta argiago" dago "Fiskaltzari berdin zaiola zer aitzakia erabili helburu politiko hau lortzeko": "Mugimendu politiko bat kriminalizatzea, bere kideak eta hauen ingurukoak pertsegitzea eta militante horiek beren eguneroko lanetik desbideratzea, beren buruak justifikatzera behartuta eta prozedura arbitrarioen artean nahastuta egotera behartuta".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.