Poliziaren biktimen aldeko laguntzak eskatuko dizkio Legebiltzarrak Jaurlaritzari

EAJ, PSE, Aralar, EA eta EB ados jarri dira estatuaren indarkeriaren biktimentzako erreparazioa eskatzeko

Juanjo Agirrezabala, Aintzane Ezenarro, Iñigo Iturrate, Jesus Loza eta Mikel Arana, atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Urtea amaitu aurretik motibazio politikoko indarkeriak eragindako biktimentzako erreparazioa arautzeko dekretu bat egin dezala eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. PSE, EAJ, Aralar, EA eta EBk atzo erregistratutako legez besteko proposamenaren bitartez, estatuaren biktimei diru laguntzak ematea proposatuko dio Legebiltzarrak gobernuari. Eusko Legebiltzarrak ere motibazio politikoak eragindako indarkeriaren biktimen erreparazio eta aitortza neurriak bultzatu eta horien jarraipena egiteko lan talde bat sortuko du. Osoko bilkuran eztabaidatuko da aurki ekimena, eta erraz egingo du aurrera, talde sinatzaileek gehiengoa dutelako (61 boto).

Poliziaren biktimen aitortzaren inguruan ia erabateko adostasuna lortu izana txalotu dute ekimenaren sustatzaileek. Iñigo Iturrate EAJkoak azpimarratu du hitzartutako proposamena urrats garrantzitsua dela biktima horien aitortza eta erreparazioa lortzeko bidean, eta gaineratu du euskal gizartearen «adiskidetzean» ere lagungarri izan daitekeela. Aintzane Ezenarro Aralarrekoak adierazi du lortutakoa legealdi honetan «ezberdinen artean» egindako akordiorik garrantzitsuena izan dela. Ezenarroren aburuz, Poliziaren biktimengana «hurbildu» beharra dute erakundeek, eta haien konfiantza berreskuratu, «birritan ahaztutako biktimak direlako».

PPk eta UPDk ekimena babestu ez izana deitoratu du Jesus Loza PSEko legebiltzarkideak. Alde bateko eta besteko biktimak parekatzea kritikatu dute PPk eta UPDk, baina PSErentzat, onartutako proposamenak zuzenbide estatuaren zilegitasuna areagotzen du, eta ez ditu «inolaz ere» jartzen biktima batzuk eta besteak maila berean.

Juanjo Agirrezabala EAkoak, berriz, biktimen arteko «hierarkizazioa» egitea alboratu du, eta guztiek eskubide berberak dituztela aldarrikatu. EBko Mikel Aranaren ustetan, ostera, euskal gizartea «adiskidetzeko lehen urratsa» izan beharko luke gai horretan lortutako adostasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.