Poliziaren indarkeriak eragindako biktimentzat erreparazio neurriak martxan jartzearen alde, bat egin dute gaur PSE-EEk, EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk Eusko Legebiltzarrean, legez besteko proposamena eskaera erregistratu baitute "motibazio politikoak eragindako biktimen erreparazioa eta aitortza" eskatzeko.
Orain gaia legebiltzarreko batzarrean jorratu beharko dute. Onartuz gero -gehiengo osoa dute talde haiek-, Jaurlaritzak heldu beharko dio. PP eta UPD kontra daude.
Zio politikoak eragindako giza eskubideen urraketak aintzat hartzeko eta biktima horiei ordaina emateko "bide orria" taxutu nahi dute. Besteak beste, polizien biktimen aldeko neurriak bultzatzeko lan taldea eratzea proposatu dute PSE-EEk, EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk.
Abenduaren 1ean Eusko Jaurlaritzako biktimen arretarako bulegoak motibazio politikoak eragindako biktimei buruz aurkeztutako txostenean oinarrituta aurkeztuko dute taldeok legez besteko proposamen berria. Txosten horretan, 1968tik gaur arte Poliziaren indarkeriak eragindako biktimei «erabateko erreparazioa» ematea proposatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Eta, besteak beste, biktima horiei aitortza eta erreparazioa neurri zehatzekin bermatuko zitzaiela agindu zuen.
Erabaki hura akordio batean zehaztea ezinbestekoa dela uste dute orain legebiltzar taldeek, etorkizuneko "bide orria" finkatuta egon dadin.
Sei puntuko legez besteko proposamena
Legebiltzar taldeek premiazkotzat jo dute Jaurlaritzak erreparazio programa lehenbailehen eratzea eta hura baliabidez hornitzea. Halaber, indarkeriaren biktimen erreparazioa bermatzeko neurriak martxan jartzea eskatu diote gobernuari. Gainera, erreparaziorako laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak eta laguntza horien zenbatekoa zehazteko araudia 2011. urtea amaitu baino lehen onartu beharko luke gobernuak, taldeen arabera.
Horrekin batera, erakundeen eta biktimen arteko harremanak errazteko tresnak abian jartzea ezinbestekotzat jo dute, bai eta Jaurlaritzak emandako pausoen berri giza eskubideen batzordean azaltzea ere. Azkenik, Eusko Legebiltzarreko motibazio politikoak eragindako biktimen aldeko erreparazio eta aitortza neurriak bultzatu eta horien jarraipena egiteko, Eusko Legebiltzarrean lan taldea eratzea proposatu dute PSE-EEk, EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk.
Motibazio politikoak eragindako biktimen auzia "zuhurtziaz eta adostasunez" landu behar dela jakitun, legebiltzar taldeek proposamenaren hitzaurrean diote "terrorismoaren biktimen" samina ez ezik bestelako sufrimenduak ere egon direla eta horiek ez dutela gaur arte aitortzarik eta erreparaziorik izan. Horregatik, bestelako biktimen samina aitortuko duen bidea "elkarrekin" hasteko prest daudela diote. Bide hori "soseguz" egin nahi dute, jakinda ere zenbait datu lortzea zaila izango dutela eta bidean "interesatutako blokeoak" aurkituko dituztela.
politika
Poliziaren biktimen aldeko neurriak bultzatzeko eskatuko dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari
PSE-EEk, EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk zio politikoak eragindako biktimei buruzko lan taldea eratzea proposatu dute. Gaur erregistratu dute eskaera, eta parlamentuko saio batean jorratuko dute gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu